Agerraldia gaur, Xabier Lertxundi alkateak

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 20a, 00:00

Galarretako garapenari buruz Jaurlaritzari konpromisoa eskatzeko helburuz, Gasteizko Legebiltzarrean egingo du agerraldia. 

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak agerraldia egingo du gaur, Gasteizko Legebiltzarrean, Galarretako garapenaren gainean Jaurlaritzari konpromisoa eskatzeko. Legebiltzarreko Ekonomiaren Garapena eta Berrikuntza Batzordeko Mahaian izango da, eguerdiko 12:30etan.

Udalak jakitera eman duenez, EH Bildu talde parlamentarioaren eskaera izan da gaur agerraldia egitea. Horren haritik, Hernaniko Udaleko  zenbait ordezkari Gasteizen izango dira gaur. Xabier Lertxundiz gain, Mattin Aldaia Hirigintza eta Ingurumen Zinegotzia ere izango da bertan.

Bestalde, Udalak adierazi du Galarretako eremua «estrategikoa» dela Donostialdearentzat, lurralde garapenari eta enplegu sorrerari dagokionez. Hain justu, 2009an sinatu zituen Udalak hainbat hitzarmen Jaurlaritzaren menpeko erakunde publikoekin, Galarretako Parke Teknologikoa eta Estubegi Industrialdea egiteko. Hala ere, Udalak helarazi duenez, «12 urte pasa ondoren, garapen horiek ez dira gauzatu aurreikusitako eta konprometitutako epeetan. Gaur egun, Orona kooperatibak bakarrik garatu ditu bereak diren partzelak». 

Gainera, garatu gabe dauden partzelen «gehiengo haundi bat» Jaurlaritzaren menpekoak diren erakunde publikoen jabetzakoak dira. Horregatik guztiagatik, Udalak konpromisoa eskatuko dio Jaurlaritzari, eta elkarlanean aritzeko borondatea azalduko du Galarreta garatzeko.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!