Mintzalaguna egitasmoarekin, Dobera Zelaia sagardotegira

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 20a, 00:00
Mintzalagun egitasmoko lagunak herenegun, Zelaia sagardotegian.

Denera 21 lagun elkartu ziren igande goizean, eta hamaiketako goxoa egin zuten sagardotegian. 

Joan den igandean Doberak Euskara Elkarteak irteera antolatu zuen Zelaia sagardotegira. Mintzalaguna egitasmoaren baitan eta «harreman sarea indartzeko asmoz» jarduera bateratua egin zuten eta goiz ederra izan zuten parte hartu zuten guztiek. Guztira 21 lagun elkartu ziren eta euskera praktikatzeko eta elkar ezagutzeko aukera izan zuten mintzalagunek.

Hitzordua 10:00etan jarri zuten eta Zinkoeneatik sagardotegirantz abiatu ziren oinez, paseoan. «Ordu erdian edo iritsi ginen sagardotegira, eta segituan Oihana Gaincerainek (sagardogileak) egin zigun harrera», azaldu dute arduradunek. 

Egungo osasun egoera dela eta, gehienez lau lagunez osatutako mahaietan elkartu ziren. Hamaiketako goxoa egin bitartean, Oihanaren laguntzarekin sagardotegia gehiago ezagutzeko aukera izan zuten bisita gidatu txiki bati esker. Horrez gain, hamaiketakoan hainbat kupeletako sagardoa dastatu zuten; eta, gainera, txorizo eta bakailao tortila pintxoa eta gazta ere jan zituzten.  Horren ostean, 12:30ak aldera, sagardotegia utzi eta Hernanira bueltan abiatu ziren.

Doberak eskerrak eman nahi dizkio Zelaiari, «oso harrera ona egin ziguten bertakoek eta primerako goiza pasa genuen sagardotegian!».

Izena eman daiteke, Mintzalaguna egitasmoan
Doberak hainbat jarduera eta egitasmo ditu martxan, eta oraindik ere, izena eman daiteke Mintzalagunean. «Euskeraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi dutenak eta euskeraz normaltasunez aritzen diren laguntzaileekin mintzapraktika taldeak antolatzen ditugu», zehaztu dute Doberakoek. Funtzionamenduari dagokionez, parte hartzaileen artean talde txikiak egiten dira eta astean behin ordu betez beraien aisialdi garaian elkartuko dira paseoan, kafetegian, parkean... euskeraz aritzeko eta euskaraz bizitzeko. Parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: euskeraz komunikatzeko gutxieneko maila izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea.

Hauexek dira izena emateko bideak: dobera@dobera.eus emailera idatzita; 943 33 27 99 zenbakira deituta; edo bulegora bertaratuta (Larramendi 11, behea - Hernani).    

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!