Biterin 'El dilema de las redes' dokumentala eskainiko da etzi

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 19a, 00:00

Mugikorren erabilerak jende asko kezkatzen du.

Haur, gazte eta helduek telefono mugikorraz egiten den erabilerarekin kezkatuta antolatu da.

Hernaniko guraso talde bat beraien haur eta gazteek (eta noski baita helduak ere) telefono mugikorraz egiten duten erabileraz kezkatuta biltzen hasiak dira duela hilabete batzuk. Horri jarraipena emanez hurrengo ekimena etzi, apirilaren 21ean, egingo da. El dilema de la redes sociales dokumentala ikusi ahal izango da Biteri Kultur Etxeko Areto Nagusian 17:30etan hasita. Dokumentala ikusi ondoren, mugikorren erabileraren inguruko hausnarketa horretan urrats bat gehiago eman nahi da, tailer gisa planteatuko den dinamikarekin.


Lanketa honekin jarraitzeko, talde eragilearen hurrengo bilera eguna ere zehaztu da: apirilaren 27an 17:00etan Biteri bertan. Gaian interesa duen herritar orori zuzendutakoak dira; bai etziko ekimena, zein 27ko bilera ere.

Ikastola desberdinetako gurasoak biltzen dira
Langile ikastolan Miren Ros adituak (Bidelagun Elkartea) guraso zein gazteei emandako tailer baten bueltan hasi zen hau guztia, duela urtebete pasatxo. «Horren harira, guraso talde bat gaiak kezkatuta biltzen hasi ginen» eta herri osoari zuzendutako bi hausnarketa saio antolatu dira ordutik Miren Ros berak gidatuta. Bi saioak Biterin egin ziren, otsailaren 3an eta 26an.


Gaiak hainbat ikastetxetako guraso zein irakasleengan sortutako interesa ikusita (jende mordoxka bildu baitzen bi saioetan elkarlanean hausnartu eta pausoak emateko prest), «lanketa hori bultzatu duen taldetxoak aurrera begira ekimen gehiagorekin jarraitzea erabaki dugu». Talde eragile hori, hasieran Langile ikastolako gurasoz osatua bazen ere, bi saio horien ondotik Elizatxo zein Txirritako guraso batzuk ere, bildu dira taldera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!