Hiru pertsona atxilotu dituzte Hernanin hilketa saiakera egotzita

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 18a, 17:24

Ertzaintzak bi gizon eta emakume bat atxilotu ditu igande honetan Hernanin, hilketa saiakera egotzita. Gizon bat utzi zuten etxe abandonatu batean. Biktimak lesio larriak zituen, jipoi baten zantzuekin.

Hiru pertsona atxilotu dituzte igande honetan Hernanin, hilketa saiakera bat egotzita, gizon bat etxe batean lotuta utzi eta jipoi batekin bateragarriak diren lesio larriak zituelako.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, bi lagunek eman dute alarma-ahotsa, eta biktima etxebizitza abandonatu batean aurkitu dute, Hernanin. Gizona lotuta zegoen, buruz behera eta lesio larriekin.

Ertzaintzaren hainbat patruila bertaratu dira, baita anbulantzia bat ere. Anbulantzia horretako osasun-langileek lehen laguntzak eman dituzte, eta gizona Donostiako ospitalera eraman dute, larri.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du, eta ustezko egileak nor ziren jakin ostean, 12:30etan 42 urteko gizon bat eta 33 urteko emakume bat atxilotu dituzte Hernaniko Zikuñaga auzoko etxebizitza batean, hilketa saiakera baten ustezko egileak direlakoan.

15:30etan, beste gizon bat atxilotu dute, 51 urtekoa, Hernanin.

Atxilotuak, hilketa saiakera bat egotzita, ertzain-etxera eraman dituzte, eta epailearen esku geratzeko zain daude.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!