«Hernaniko bost batel goaz Euskadiko Batel Txapelketara eta itxaropena beti dago»

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 17a, 00:00

Maila ezberdinetan, Hernaniko bost batelek hartuko dute parte, gaurko Euskadiko Batel Txapelketan

Gaur Hernaniko bost batelek, Legution egingo den Euskadiko Batel Txapelketan hartuko dute parte. Eta honen harira, Hernaniko Arraun Elkarteko Mikel Lersundi, Asier Ocon eta Nerea Irastorza entrenatzaileek taldeen helburu zein proiektuen berri eman dute. 

Gaur arratsaldeko 16:00etan, Euskadiko Batel Txapelketa jokatuko da Legution, eta Hernaniko bost batelek hartuko dute parte bertan, maila hauek hain zuzen: kadete mutilen taldeak, neska absolutuak eta mutil absolutuak, «guztira bost txalupa goaz» aipatu du Mikel Lersundi haur eta kadete mailako nesken entrenatzaileak.

Entrenatzaileek, helburu ze­hatzak ezarri dituzte taldeentzat, baina bat dute komunean: «gazteek disfrutatzea». Mikel Lersundik dio, bere helburu nagusia dela mutil eta neskak arraunera lotzea;  «saiatzea une oro uretan disfrutatu dezaten, honek eragingo baitu etorkizun batean arraunean jarraitzea. Eta lehiatzen ikastea ere bada ezarritako helburu nagusietako bat. Aurten oso urte gogorra joan zaigu, bai entrenamenduen aldetik, hasi, eten, hasi, eten… Eta lehiaketa gutxi izan ditugu…  Izan ditugun gutxi horietan gainera, helburu nagusia izan da gure lanarekin disfrutatzea. Gero disfrutatze horrek emaitza hobeak ekarriko zituela argi geneukan. Beraz esan daiteke gure helburu nagusiak ez direla emaitzak, batik bat infantiletan arraunarekin gozatzea hain zuzen, eta ikastea, oinarri sendo batzuk jartzea, gero 16 eta 17 urterekin trainerura jauzi egiteko, Hernaniko Arraun Elkartean».  

Neska eta mutil absolutuen entrenatzaile den Asier Ocon erabat ados dago Lersundirekin, eta dio, bere helburu nagusiena, gazteek uretan disfrutatzea dela; «aurten gainera oso zaila izan da entrenatzea, egoera ez baita erraza izan. Hala ere, azkenean mutil eta neska absolutuetan, bi batel atera dira eta oso pozik gaude, oso garrantzitsua baita. Esan beharra dut gainera, senior mailako mutiletan, urteak batela atera gabe egon garela, ez zegoelako, eta aurten emaitzarekin pozik gaude, politak izan baitira». 

«Kategoria bakoitzeko sailkatzen dira zortzi batel, eta igandean jokatuko dute larunbateko lau onenen artean finala. Aldiz sailkatu ez direnek, final txikia» 



Nerea Irastorza, haur mailako eta kadete mailako mutilen entrenatzaileak aldiz, Euskadiko Txapelketan zentratu ditu helburuak, eta honakoa aipatu du; «Euskadiko Txapelketari begira, lehenengo zortzien artean gelditzea da gure helburua, eta aurrera begira, aurreko urtean ezin izan genuena egin, errekuperatzea edo jarraitzea. Batela berriro  disfrutatzea, eta arraunarekin ondo pasatzea, batez ere». 

Pandemiaren eraginak arraunean 
Covid-19ak ekarritako osasun alarmak etenaldi ugari ekarri ditu, eta arraunean «kalteak eta bajak» eragin dituela adierazi dute entrenatzaileek. Lersundik jakinarazi du gainera, entrenatzaile batentzat oso gogorra dela, taldekide batek arrauna uztea; «nik pentsatzen dut entrenatzaile batentzat okerrena dela bajak egotea. Azkenean emaitzak berdin dio, bajak dira okerrenak. Gure taldearen kasuan neska batek lehenengo etenaldiaren ondoren utzi egin zuen. Gero izan ditugu arazo psikologikoak eta arnasketa arazoak, eta hau arraunerako oso garrantzitsua da. Horrek eragin du beste bi arraunlarik ere taldea uztea. Nahiz eta gaur egun inguruan ditugun, ez dute erabat utzi, baina ezin izan dute arraunean jarraitu». Horrez gain, etxetik entrenatzeak izandako zailtasunen berri ere eman du Lersundik, eta honakoa dio; «entrenamenduei dagokienez, prestakuntzak oso zailak izan dira. Ezin genuen elkartu, eta horrek zaildu egiten du prozesua. Telematikoki elkartzen ginen etxeetan, saioak egiten genituen,  45 bat minutukoak, eta hori zen gure entrenamendua. Gero faseak etorri zirenean eta korrika bakarka egin zitekeenean, bidaltzen genituen korrika egitera. Ahalik eta lasterren elkartzen saiatzen ginen, uzten zigutenean».

«Kadete eta haur maila zaila izan da 2020garren urtea, neurri murriztaileekin, entrenamenduak aldiro gelditu dira. Zaila izan da esperantza eta ilusioari eustea»



Oconek dio, urte zaila izan zela 2020garrena, izan ere; «oso motel joan da dena pandemiarekin, guk daukagu programazio bat, eta hau aurrera eraman nahi dugu beti. Pandemiak zaildu egin du prozesu hau, ekintzak eta entrenamenduak moldatzen eta aldatzen oso astuna egiten da, ezin da ondo entrenatu. Gure helburua zen oinarri  bat hartzea, eta hau entrenatzen joatea, baina zaila da etxetik hori lortzea eta ez genuen lortu. Lan fisiko gehiago egiten jardun genuen denbora, eta teknikoa (uretan) berriz oso gutxi». 

Irastorzarentzat ere urte makala izan da eta dio, pandemiak hainbat zailtasun ekarri dituela; «Kadete eta haur mailan batez ere. Neurri murriztaileekin, entrenamenduak gelditu egiten ziren, berriro hasi… zaila izan da esperantza eta ilusioari eustea, baina beno, ondo eutsi diote. Gutxienez estropadak egin dira, eta pozik gaude emaitzarekin, eta ilusio apur bat piztu zaie». 

Legution gaur, Euskadiko Batel Txapelketa 
Bizitakoak bizita ere, gaur Legution jarri beharko dute indar guztia Hernaniko arraunlariek. Izan ere, gaur arratsaldeko 16:00etan hasita, Euskadiko Batel Txapelketa jokatuko dute, guztira Hernaniko bost batel izanik. Gaurko  txapelketan sailkapen faseak jokatuko dira, eta horren arabera, igandean berriro Legutiora joan beharko dute hernaniarrek; «kategoria bakoitzeko sailkatzen dira zortzi batel, eta igandean jokatuko dute larunbateko lau onenek, finala. Aldiz larunbateko bosgarrenetik zortzigarrenera jokatuko dute final txikia» dio Lersundik. Eta argi utzi du, esperantza badaukatela, izan ere; jakinarazi du irabaztea hitz potoloa iruditzen zaiola; «orain arte infantiletan lortu dugun emaitzarik onena izan da Ligakoa, bigarren postua irabazi baitugu. Egia da, hirugarren ere ibili garela, eta laugarren ere bai. Gipuzkoako txapelketako finalean laugarren egin genuen, eta lau txalupa sailkatu ginen, lau segundu terdin. Orduan aukerak, badaude baina zaila da. Azkenean, disfrutatzen badugu urte zail honetan, niretzat helburuak beteta baino gehiago daude. Eta zerbait gehiago etortzen bada, ongi etorria izango da noski». 

 Entrenatzaile guztiek dute esperantza minimo bat, Irastorzak dio, zaila ikusten duela, baina «esperantza beti dago hor, eta dena ematen saiatuko gara». Oconek aldiz helburu «altua» jarri duela dio; «helburu altua jarri dugu, baina gure asmoa  da, mutiletan B finala irabaztea». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!