Euskadiko Sokatira Txapelketako tiraldia, maiatzaren 29an Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 17a, 00:00

Antsoaingo sokatira taldea lehian, Lucia Etxeberria goizuetarra tartean dela, iazko Munduko Txapelketan, Irlandan.

640 kiloko taldeak ariko dira lehian, lur gaineko Euskadiko Txapelketan. Zazpi taldek hartuko dute parte, baina ikuslerik gabe jokatuko da.

Nobedade garrantzitsu batekin dator maiatza, herri kirolei dagokienez, Hernanin. Izan ere, lur gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketaren tiraldi bat jokatuko da herrian, maiatzaren 29an. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da, baina printzipioz ikuslerik gabe jokatuko da, txapelketako guztiak bezala, «debeku­ak irauten duen bitartean».

640 kiloko taldeak ariko dira Hernanin, eta zazpi taldek hartuko dute parte: Mutriku, Goiherri, Akelarre, Getxo, Gaztedi A, Gaztedi B eta Gaztedi C.
Maiatzaren 1ean hasiko da lur gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa. Pisu kategoria bakoitzeko, hiru jardunaldi izango dira. 680 kilokoenak jokatuko dira aurreneko hiru larunbatetan: Aulestin, Azkoitian eta Berriatuan. Ondoren, maiatzaren 22tik aurrera, 640 kiloko talde­ek izango dituzte beste hiru jardunaldi: Mutrikun, Hernanin eta Laukizen. 600 kilokoen hiru tiraldi izan­go dira segidan, ekai­naren 12tik aurrera; eta 560 kilokoen beste hiru jardunaldi azkenik, uztailaren 3an hasita. 580 kiloko talde mistoen tiraldi bat ere aurreikusi dute, uztailaren 24an.

600 kilokoan ariko dira talde gehien, zortzi guztira. Izan ere, bi talderekin eman du izena Goiherrik, kategoria horretan. 680 kilokoan sei talde ariko dira, 560 kilokoan bost edo sei, eta 580 kiloko mistoan hiru. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!