Azkeneko partidua mutil seniorrek, Bergaran gaur

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 17a, 00:00

Ligaxkari bukaera emango diote, gaur arratsaldean. Neska jubenilek, berriz, bihar hasiko dute liga, Hernaniko kiroldegian.

Gaur bukatuko dute aurreneko fasea, Hernaniko mutil seniorrek, Gipuzkoako bigarren mailan. Bergaran jokatuko dute, Labegaraieta kiroldegian, arratsaldeko 15:30etan hasita.

Aspaldiko partez, mutil seniorren taldea izan du Hernanik aurten, eta estreinako denboraldian, maila onean ari dira hernaniarrak. Oraingoz, bere multzoko bigarren postuan daude, bost punturekin; eta aukera daukate, Urola Aranzadi liderrarekin berdintzeko, haiek Sima Corazonistas taldearen kontra galduz gero. Edonola ere, ondo bukatu nahi dute ligaxka hernaniarrek, joan den astean garaipen haundia lortu ondoren: Urola Aranzadi bera hartu zuten mendean, etxean.

Neska jubenilek, aldiz, liga bukatu ez, hasi egingo dute asteburu honetan. Bihar ekingo diote, eta Hernaniko kiroldegian jokatuko dute estreinako partidua, eguerdiko 12:00etan. Arrasate izango dute aurrean.

Hiru multzotan banatu dituzte taldeak, neska jubenilen Gipuzkoako Txapelketan; eta bigarrenean ariko da Hernani, beste bost talderekin: Arrasate bera, Ordizia, Tolosa, Jauja eta Urnieta. Bost jardunaldi aurreikusi dituzte guztira, eta beraz, behin jokatuko dute talde bakoitzaren kontra: hiru partidu etxean, eta bi kanpoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!