Jauzi taldea sortu dute BHIko batxilergoko zenbait ikaslek

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 16a, 00:00

Institutuko bigarren mailako ikasle talde batek sortu du LGTIBQ+ taldea. «Jendeak gure gertutasuna sentitzea nahi dugu». 

LBTBIQ+ taldea sortu berri dute Hernaniko Institutuko hainbat ikaslek: Jauzi. «Ikasturte hasieran sortu genuen», azaldu dutegazteek proiektuko Instagrameko kontuan (@jauzitaldea). Bi kidek eman zioten hasiera proiektuari eta, kontatu dutenez, «jende gehiago batu da gurera».
Egun, sei partaidek osatzen dute Jauzi.

Aurtengo ikasturtean sortu zen Jauzi, «gure artean kezkak partekatzeaz gain, ikastetxean LGTBIQ+ kolektiboaren egoera aztertzeko». Jakitera eman dute hasierako asmoa taldea ikastetxean mantentzea zela; edonola ere, jarraipena eman nahi diote orain arte egindako lanari: «ikasturte amaiera dela eta, herrian jarduten segi nahi genuke». Hainbat helburu zehaztu dituzte Jauziko kideek argi dute zein den proiektuko jomuga: alde batetik, kolektiboaren egoera aztertzea; eta, beste alde batetik, LGTBIQ+ ekimenak bultzatzea eta kolektiboarekiko indarkeriaren aurka egitea.

Horrez gain, adierazi dute beste helburu nagusi bat dela «jendeak gure gertutasuna sentitzea». Hain justu, Jauzi horretarako sortu zela diote: «elkar babesteko eta laguntzeko».

Horregatik guztiagatik, hauxe da herritarrei zabaldu nahi izan dieten mezua: «Edozein motako laguntza behar izanez gero, zalantzarik gabe idatzi gure sare sozialetara. Aniztasuna sustatu, LGTBIQ+ fobia baztertu!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!