Agustin Kardaberaz ere gogora ekarri du Uriak

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 14a, 00:00

2020ko urriaren 16an 250 urte bete ziren Kardaberaz hil zela. «Iturriagarena irakurri eta gero gelditu zitzaidan sentsazioa izan zen herren samar geratzen dela, Kardaberazena gabe» aipatzen du Juanjo Uriak.

Bete berri dira 170 urte Agustin Iturriaga hil zela, baina ezin da ahaztu 2020 urteko urriaren 16an, 250 urte bete zirela Agustin Kardaberaz hil zenetik.  Aintzane Ibarza­bal Esnaolak, Agustin Pascual Itu­rriagari eta bere hilobiari buruzko testuari segida emanez, Juanjo Uria Zubiarrainek, hari buruz idatzi zituenak eta gero, Agustin Kardaberaz hil zela 250 urte bete direla gogoratzen du. 


Kardaberazi buruzkoa ere bere artxiboan dauka idatzia Juanjo Uriak. «Iturriagarena irakurri eta gero gelditu zitzaidan sentsazioa izan zen herren xamar geratzen dela Iturriagarena, Kardaberazena gabe, bata bestea gabe».


Agustin Kardaberaz Elorriaga (1703-1770), Hernanin jaio zen eta filosofia eta lege ikasketak egin ondoren, Jesusen Lagundian sartu zen 1721ean eta 26 urterekin apaiz egin zen.


Irakasle eta hizlari ospetsua izan zen Kardaberaz. Bilbon eta Oñatiko unibertsitateko irakasle izana, 1736an Loiolan jarri zen bizitzen eta han sermoilari trebe eta ona zenez, handik abiatzen zen Gipuzkoa eta Bizkaiko herrietara jende ezberdinei predikatzera eta hain egin zen ezagun eta ospetsu, predikuak elizetatik kanpo egin behar izaten zituela batzuetan, jendea ez zelako barruan kabitzen. 


Liburu asko idatzi zituen, baita itzulpenak egin ere, eta idatzitako gehiena euskaraz egin zuen. Egia da gehienbat gai erlijiozkoak tratatu zituela -San Ignaziori buruz asko idatzi zuen-, baina euskararen gainbeherak asko kezkatzen zuenez, badu gure hizkuntzari buruz ere liburu bat idatzia, 1761ean argitaratutakoa: "Eusqueraren Berri Onac...", hain zuzen, non "eusquera ondo escribitceko, irakurtceko eta itzeguiteco erreglac" agertzen dituen, euskarari buruzko iritzi aberatsak aditzera emateaz gain. Eskuizkribuak ere utzi zituen, batzuk gerora ezagutu eta argitaratu zirenak. 


1767an, Carlos IIIak, Jesuitak Espainiatik bota egin zituen eta Kardaberaz Italiako Boliniara joan beharrean aurkitu zen eta 1770ean han bertan hil zen, hain zuzen A.P. Iturriaga herrikidea jaio baino 8 urte lehenago. 


Euskara asko maite izan zuen eta garaiko maisu-maistei, eta baita apaizei ere, euskara erabili zezatela esaten zien, gure hizkuntza goi-mailara jasoa izan zedin eta kultur hizkuntza bihurtzeko. Euskaltzalea izanik, euskararen duintasuna defendatzen zuen.


Larramendiren garaikidea izan zen baina andoaindarrak gehiena gaztelaniaz idatzi zuen bezala, Kardaberazek euskaraz idatzi zuen. XVIII. mendera arte euskara idatzia, batez ere Iparraldean aurki dezakegu -Etxepare, Leizarraga, Etxeberri Ziburukoa, Axular, Oihenart..., baina XVIII. mendean, euskal literaturak, hegoaldean ere, garrantzia hartu zuen, Kardaberaz bezalako idazle batzuei esker, baina zoritxarrez, ez zuen luze iraun, besteak beste, Espainiako erreinuan Austrien ordez, errege Borboiak sartu zirelako eta euskal foruen eta euskararen aurkako erasoak etorri ziren.

Iaz bete ziren 250 urte Kardaberaz hil zenetik.

"Doinua 22 Munduko ilunabarra"

Bertsotxo hau, arren, adi,
ahapaldiz ahapaldi
eskaintzen diot opari,
Kardaberaz apaizari.
Duela hirurehun urte jaio zen
hernaniar argiari,
idazle trebe, ta maila goren
goreneko predikari,
eta euskaraz idatzi zuen
jori, oparo, ugari,
bera izan zen orduan eta
gero gizaldiz gizaldi,
euskararekin konpromisoa
erakusten aitzindari.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!