Doberako bazkideen Batzar Orokorra egingo da, datorren asteazkenean

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 13a, 00:00

Gai ugari landuko dira, Doberak antolatutako bazkideen Batzarrean. Apirilaren 21ean izango da, arratsaldeko 19:00etan, Biterin. 

Datorren asteazkenerako, Batzar Orokora antolatu du Dobera Euskara Elkarteak, eta bazkideei bertaratzeko deia egin nahi izan die. Zehazki, apirilaren 21ean izango da batzarra eta arratsaldeko 19:00etan emango zaio hasiera, Biterin. 


Presentzialki egingo da batzarra, baina bizi dugun osasun egoera dela eta, batzarra online jarraitzeko aukera ere emango zaie herritarrei. Batzarra baino lehenago bidaliko da gogoratzeko mezu bat, eta bertan erantsita egongo da bilera modu telematikoan jarraitzeko esteka. 


Hauek dira apirilaren 21eko batzarrean landuko diren gaiak: hasteko, iazko akta onartuko da; ondoren, 2020ko egitasmoen balantzea aurkeztuko da eta kontuak aztertuko dira; behin hori eginda, «hala balegokio», onartu egingo da. Horrez gain, 2021eko jarduera plan orokorra eta aurrekontua aztertuko da, eta hori ere, hala balegokio, onartu egingo da. Bestalde, Kronikako hemeroteka eta PDF edukia bazkideentzat uztearen gaineko azalpenak emango dira.

Ondoren, zuzendaritza batzordearen kudeaketaren onarpena aztertuko da eta, azkenik, Batzar Orokorra amaitzeko, bazkideen proposamen eta aipamenen tartea ere egongo da. 


Azkenik, batzarrera joateko, ordezkaritza beste bazkide baten esku uzteko aukera ere badagoela jakinarazi du Doberak.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!