Bina batel izan ditu podiumean Hernanik, Gipuzkoako Ligan zein Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 13a, 00:00

Hernaniko neska infantilak, Gipuzkoako Batel Ligan lortutako brontzezko dominekin. Argazkia: Hernaniko Arraun Elkartea

Neska infantilek eta mutil seniorrek bukatu dute hirugarren, Gipuzkoako Batel Liga; eta hirugarren izan dira neska absolutuak eta mutil seniorrak ere, Gipuzkoako Batel Txapelketan. Enara Fuertesek, ziaboga onenaren saria.

Zita bikoitza izan du Hernaniko Arraun Elkarteak, joan den asteburuan, Pasai Donibanen; eta biak izan dira oso garrantzitsuak, gainera: Gipuzkoako Batel Ligari eman zioten bukaera la­runbatean, eta Gipuzkoako Ba­tel Txapelketa jokatu zuten igan­dean bertan. Bost batelekin aritu zen Hernani bietan, eta bron­tzezko bina domina ekarri zituen, batetik zein bestetik.

Larunbateko emaitzekin, hirugarren postuan bukatu dute Batel Liga, neska infantilek eta mutil seniorrek. Bosgarren izan ziren neska infantilak, azkeneko estropada horretan, eta horrekin, liga bikaina borobildu du­te, hirugarren postuari eutsiz, Zuma­iak baino puntu bat gehiagorekin. Mutil seniorrak, berriz, laugarren izan ziren larunbatean, eta aldearekin bukatu dute hirugarren, San Pedroren aurretik.

Neska promesei, ordea, azkeneko jardunaldi horretan egin zien ihes hirugarren postuak. Lau segundu azkarrago aritu zen Zumaia, eta horri esker, haiek lortu zuten brontzezko domina, ligan. Laugarren bukatu du Hernanik. Eta berdin gertatu zaio neska absolutuen batelari ere: San Juanek hartu zion aurrea larunbatean, eta pasaitarrek eskuratu dute brontzezko domina, horri esker.

Mutil kadeteek zazpigarren bukatu dute liga, eta baita neska promesen bigarren batelak ere.

Txapelketan ere brontzea, Hernaniko bi batelek

Igandean, berriz, Gipuzkoako Batel Txapelketa jokatu zuten, Pasai Donibanen bertan. Eta horretan ere, brontzezko domina lortu zuten Hernaniko bi batelek: ligako arantza atera zuten neska absolutuek, hirugarren sailkatuta; eta ligako emaitza errepikatu zuten mutil absolutuek, berriro brontzea eskuratuta. Laugarren izan ziren neska promesak eta neska infantilak, eta seigarren mutil kadeteak. Enara Fuertes hernaniarrak, gainera, ziaboga onenaren saria jaso zuen, neska infantiletan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!