Garaipen estua bezain haundia etxean, Urola liderraren kontra

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 13a, 00:00

Hernaniko jokalari bat, postura akrobatikoan, jaurtiketa bat egiteko prest.

27-26 nagusitu ziren Hernaniko mutil seniorrak, kiroldegian; eta bigarren daude ligan, jardunaldi bakarra falta denean.

Partidu zaila zeukan Hernaniko mutil seniorren taldeak, larunbat arratsaldean, Gipuzkoako bigarren mailan: Urola liderra hartu zuen kiroldegian, ligako azkenaurreko partiduan. Baina bere maila onena erakutsi zuten hernaniarrek, eta garaipen estua bezain haundia lortu zuten azkenean: 27-26 nagusitu ziren.

Horrela, sailkapeneko biga­rren postuan daude hernaniarrak, bost punturekin, Sima Co­­razonistas taldearekin berdinduta. Urola daukate aurretik, zazpi punturekin; eta Bergara da multzoko azkeneko sailkatua, hiru punturekin. Partidu bakarra daukate jokatzeko: Bergaran jokatuko du Hernanik, eta elkarren kontra ariko dira Urola eta Sima Corazonistas. Oraindik edozer gerta daiteke, beraz, sailkapeneko postuei dagokienez.

 

Mutil jubenilek partidua etzi, Urnietan

Mutil jubenilek, berriz, ostegun honetan jokatuko dute partidua. Urnietan ariko dira, bertako taldearen kontra, arratsaldeko 19:30etan hasita.

Ez dute denboraldia ondo hasi hernaniarrek, eta orain arte jokatutako partidu guztiak galdu dituzte. Etzikoa ere ez daukate erraza, aurreneko garaipena lortzeko; baina pixkanaka hobetzen joan eta Urnietari partidua lehiatzen saiatuko dira hernaniarrak, zailtasunak zailtasun.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!