Egun historikoan Hernaniko palistek hirutik hiru txapela lortu dituzte Gipuzkoako Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 13a, 00:00

Igandean txapela irabazi zuten sei palistak, bi azpitxapeldunak eta Garbiñe Tijero entrenatzailea.

Jubeniletan Enara Macicior eta Ane Kerejeta dira txapeldun berriak; Nagusien 2. mailan Ainhoa Urien eta Eli Gutierrez geratu dira txapeldun; eta Nagusien 1go mailan Amaia Irazustabarrenak eta Ariane Arrietak jantzi dute txapela.

Egun historikoa bizi izan zuten igandean Hernaniko palistek. Gipuzkoako Ezker Hormako paleta gomazko emakumezkoen final guztiak irabazi dituzte hernaniarrek, eta, beraz, hiru txapelak Hernanin geratu dira. Igandean, Hernaniko frontoian jokatu ziren finalak hiru mailetan eta hiruretan ere txapeldun irten ziren etxekoak. Oso partidu politak ikusi ziren. Jubeniletan Enara Macicior eta Ane Kerejetak jantzi zuten txapela taldekide diren Joana Tolaretxipi eta Alaitz Barrenetxeari 30-16 irabazi eta gero. Hernaniarren arteko final bakarra zen eta ziurtatuta zegoen, beraz, txapela hernaniarrek janztea. Macicior eta Kerejetak pronostikoak bete zituzten eta txapelketa guztian zehar erakutsi duten bezala, bikote sendoena osatu dute.

Bigarren mailan Ainhoa Urien eta Eli Gutierrezek jantzi zuten txapela Su-Berriko Lasarte eta Aranburi 30-12 irabazita. Partidu erraza izan zuten hernaniarrek, garaipen erosoa lortuz.

Lehenengo mailan Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta izan ziren garaileak Su-Berriren kontra 30-22 irabazita. Final zirraragarria izan zen. 7-0 aurreratu ziren hernaniarrak eta partzial horri esker irabazi zutela esan daiteke. Hernaniarrak 26 tantora iristerakoan aurkariak lasaitu eta abantaila mozten hasi ziren, baina ez zuten lortu markagailua iraultzea. Lau palistak oso maila altuan aritu ziren.

Hernanin emakumezkoen palak duen indarra nabarmen geratu da. «Klubeko guztiok egiten dugun isilpeko lanaren isla dira gaurko txapelak, eta ziur, hemendik aurrera gehiago etorriko direla. Hernani, emakumeak eta pala, sekula baino indartsuago daude» aipatzen du Tijero entrenatzaileak.

Bestetik, Irazustabarrena-Arrillaga bikotea Bizkaia Torneoa jokatzen hasi dira eta datorren asteetan jarraituko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!