Hernaniko Energia Berriztagarrien Komunitatera batzeko gonbitea luzatu die Udalak, herritarrei

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 12a, 00:00

Hernaniko Energia Berriztagarrien Komunitatea (EBK) sortzeko lehen pausuak ematen ari da Hernaniko Udala, herriko hainbat eragileekin batera. Eta nondik norakoak azaltzeko, bi ekitaldi antolatu ditu; apirilaren 15ean Iñaki Bárcenaren hitzaldia, eta apirilaren 29an, EBKren aurkezpen irekia.

Energia kontsumitzeko eredua aldatzea «gutxiago eta berdeago» eta herritarrek kontsumoaren gaineko kontrola berreskuratzea dira komunitate honen helburu nagusiak. Hau lortzeko, Hernaniko Udala, herriko Energia Berriztagarrien Komunitatea sortzeko lehen pausuak ematen ari da, herriko zenbait eragileekin batera; «herritarrok kontsumitzen dugun energiaren gaineko kontrola merkatuaren eta multinazionalen interesen menpe dago, eta ez daukagu ezertan eragiteko aukerarik» dio Udalak. Horri aurre egiteko irtenbidea, EBKren eredua dela ere jakinarazi dute. 

Hernaniren proposamena: Energia burujabetza
Hernaniko Udala Energia Jasangarritasun Ekintza Plana lantzen aritu da egungo egoerari aurre egiteko. Eta hori horrela, energia gutxiago kontsumitzeko beharraz ohartarazi nahi du Udalak; «ezin dugu orain arte moduan kontsumitzen jarraitu, baliabide naturalak agortuko direlako». Beraz, hau kontutan izanik, plan horretan jasotako ekintza planean, mugikortasunaren inguruko hausnarketa proposatzen da, «eraikinak energetikoki birgaitzeari buruzko formakuntza, kontsumo eta elikadura ereduak egokitzeari buruzkoak...».

Horrez gain, energia eraginkortasunez kontsumitzearen garrantzia ere gizarteratu nahi du Udalak, hala nola, LED argiak, elektrogailu eta galdara eraginkorrak, berokuntza sistema kolektiboak jartzean daukan garrantzia...». 

Proposamen hauek guztiak, irtenbide global baten baitan kokatzen dira: burujabetasun energetikoarena, hain justu. Horrela herritarrei luzatzen zaien proposamena da Hernaniko energia berriztagarri komunitatean parte har dezaten.

Energia Berriztagarria
EBK proiektuan lanean aritu da Hernaniko Udala azken hilabeteotan. Jadanik komunitatearen xedeak eta oinarriak ezarrita daude, orain komunitate hori herritar gehiagorengana zabaltzeko garaia heldu dela dio. 

Hori horrela, bi ekintza antolatu dira: batetik, Iñaki Bárcena EHUko Gizarte eta Politika Zientzietan doktorea eta ekologismoan aktibista historikoak hitzaldia eskainiko du, eta trantsizio energetikoari buruz hitz egingo du aipatutako militante ekologistak, apirilaren 15ean izango da, hau da, ostegun honetan. Arratsaldeko 18:30etan emango zaio hitzaldiari hasiera eta Iturolan izango da (Gabriel Zelaia eraikinean). Bestetik, apirilaren 29rako, EBKren aurkezpen publikoa antolatu da, eta Udalak herritarrei gonbitea luzatu nahi izan die.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!