Hernanik gaur itxiko du fase erregularra Ourenseren aurka, playoffetako aurkaria zein izango denaren zain

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 10a, 00:00

Aurtengo denboraldian Landaren jokatuko den azken partidua izan daiteke gaurkoa.

Landaren jokatuko du azken partidua gaur, 18:00etan, galiziarren kontra; eta rankingean,  orain, seigarren postuan dago. Playoffetako lehenengo aurkaria, seguruenik, Almeria edo Pozuelo izango da etxetik kanpo.

Hernanik gaur itxiko du fase erregularra Ourenseren kontra, 18:00etatik aurrera, Landareko errugbi zelaian. Izan daiteke Landaren jokatzen den azken partidua izatea, ikusirik playoffak nola jokatuko diren.

Gaurko partiduak, hasiera batean, ez du zailtasun berezirik eta sailkapenari begira ezin du aldaketa sakonik ekarri nahiz irabazi edo nahiz galdu. Beraz, entrenatzaileak entrenamendu gisa ere erabili dezake norgehiagoka. Ourense azken postuan dago A taldeko lehenengo multzo honetan eta ez du ia aukerarik postu bat irabazteko. Hala ere, garaipena nahiko dute eta hernaniarrek joko ona erakutsi beharko dute azken fasera konfidantzarekin iristeko.

Hernanik bigarren amaituko du sailkapenean A multzoan, Gernikaren atzetik. Gainera, hiru multzoen arteko sailkapena edo rankinga eginez gero,  hernaniarrek seigarren amaitzea da normalena. Bosgarren geratzeko aukera txiki bat badu, baina horretarako Almeriak edo Pozuelok azken jardunaldian galdu egin beharko lukete.

 

Almeriak edo Pozuelok galtzen badute, Hernanik postu bat irabazi dezake eta CAU Valenciaren aurka jokatu

Bi talde hauek 34 punturekin daude berdinduta eta C multzoko lehenengo postua dute jokoan etxean, Malaga eta Jaenen kontra. Lehenengoa hirugarren geratuko da rankingean eta bigarren sailkatuak, berriz, bosgarren postua eskuratuko du rankingean, irabazten badu. Ondo bidean, Hernanik hirugarren horren aurka jokatuko du playoffa.

Bietako batek galdu eta Hernanik irabazten badu, trikoloreak bosgarren izango dira eta orduan CAU Valentzia izango luke Hernanik aurkari playoffetako final laurdenetan. Talde valentziarra da bigarren sailkatu onena; beraz, laugarrena rankingean.

Aste honetan 16 eta 18 urtez azpikoek ere partidak zituzten iragarrita Durangoren aurka, baina astebete atzeratu dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!