Dobera Euskara Elkartearen bazkideen Batzar Orokorra egingo da apirilaren 21ean

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 8a, 00:00

Hainbat gai landuko dira hilaren 21eko Batzar Orokorrean: 2020ko egitasmoen balantzea, 2021eko jarduera plan orokorra eta Kronikako Hemeroteka, besteak beste.

Doberak 2021eko bazkide Batzar Orokorrerako deia luzatu du, eta apirilaren 21ean egingo da, arratsaldeko 19:00etan hasita, Biterin. Batzar Orokor hori presentzialki egingo da, baina bizi dugun osasun alarma dela eta, batzarra online jarraitzeko aukera ere emango zaie herritarrei. Batzarra baino lehenago bidaliko da gogoratzeko mezu bat, eta bertan erantsita egongo da bilera modu telematikoan jarraitzeko esteka.

Bestalde, Batzar Orokorrera joateko, ordezkaritza beste bazkide baten esku uzteko aukera ere badagoela jakinarazi du Doberak. Horren harira, hauxe zehaztu dute: «ordezkaritza hori emateko, baimena idatzirik eraman beharko da, eta saioa hasi aurretik aurkeztu beharko zaio idazkariari».

Hona hemen apirilaren 21eko Batzar Orokorrean landuko diren gaiak: hasteko, iazko akta onartuko da; ondoren, 2020ko egitasmoen balantzea aurkeztuko da eta kontuak aztertuko dira; behin hori eginda, «hala balegokio», onartu egingo da.

Horrez gain, 2021eko jarduera plan orokorra eta aurrekontua aztertuko da, eta hori ere, hala balegokio, onartu egingo da. Bestalde, Kronikako hemeroteka eta PDF edukia bazkideentzat uztearen gaineko azalpenak emango dira. Ondoren, zuzendaritza batzordearen kudeaketaren onarpena aztertuko da eta, azkenik, Batzar Orokorra amaitzeko, bazkideen proposamen eta aipamenen tartea ere egongo da.

«Ordezkaritza emateko, baimena idatzirik eraman beharko da»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!