Astelehenean eman zitzaion hasiera Euskal Herriko Itzuliari eta sei etapa egin ondoren, larunbatean bukatuko da, Eibarko Arrateko gainean. Ibilbide horretan, Hernani eta Astigarragatik pasako dira.
Gaurko etapa Gasteizen hasiko da eta Hondarribian bukatuko da; eta arratsaldeko 15:45ak aldera pasako dira Hernanitik eta Astigarragatik, Urnietatik etorrita. Gero, Perurena igo eta Errenteriarako bidea hartuko dute. Honakoak dira eman dituzten ordu erreferentziak: Hernanitik, 15:43ak eta 16:02ak artean pasa daitezke txirrindulariak; eta Astigarragatik, 15:48ak eta 16:07ak artean. Estimazio hori orain arte etapak izan duen abiaduraren araberakoa da. Bailaratik igaro ondoren, Jaizkibel eta Erlaitz mendateak igoko dituzte txirrindulariek, Hondarribian bukatu aurretik.
Latsunbeko aparkaleku guztiak hutsik, gaur
Hernaniko Udaltzaingoak ohar garrantzitsu bat helarazi nahi izan du, Euskal Herriko Itzuliaren harira; «Latsunbe kale osoa hustuko dugu, aparkaleku guztiak libre utzita, lasterketa segurtasun osoz pasa dadin».
Latsunbeko aparkalekuak kenduta dozenaka ibilgailu geratuko dira lekurik gabe. Hori horrela, gaur jolas lekua aparkaleku gisa erabiltzeko baimena eman du Hernaniko Udaltzaingoak.