EAJ-PNV oposizioak emandako informazio ezaz kexatzen da

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 8a, 00:00

EAJ-PNVk salatu du Hernaniko Udalak 2020ko aurrekontuko soberakina zertan gastatuko den prentsari esker jakin duela.

Sarritan kexatu da EAJ-PNV EH Bilduk oposizioaren esku jartzen duen informazio faltagatik;  eta berriro egin duela adierazi du: «eskerrak komunikabideak existitzen diren; bestela, ez genuke jakingo EH Bilduk gastatu nahi duen dirua (soberakina) 2020tik aurrera».

EH Bilduk dio ia 4,5 m euro direla, baina EAJ-PNVk uste du 15,7 m euro baino gehiago direla. Bestela ere, oposizioak salatu nahi izan du Ostalaritzako establezimendu bakoitzari 3.000 eurorekin laguntzeko eskatu zutenean, COVID-19ak eragindako krisi betean, horretarako dirua bazegoela.

Horrez gain, bi arlo deigarri egin zaizkie. Batetik, gerakinaren zati bat asfaltatuetan gastatuko dela baieztatzen duena; eta, bestetik, 1,7 m euro gastatuko direla Galarretako bide berri bat urbanizatzeko. EAJ-PNVk dioenez, «EH Bilduk prentsan esaten duena irakurrita, bi galdera egiten dizkiogu geure buruari: nola gastatu nahi da gerakinaren zati bat asfaltatuetan, 2020an gastatu ez zuten eta urtean zehar gastatu ezin izan duten diruan 100.000 euro badituzte? Eta zergatik inbertitu nahi du EH Bilduk diru publikoko 1,7 m Galarretan bide berri bat egiteko, inguruko lurren jabeek ordaindu behar izango dutena eta haiei zerbitzua emango diena?».

EAJ-PNVk «arriskua» ikusten du enpresetako jaberen batek langileei ordaintzeko aukera galdu dezaketelako,  edota enpresaren batek itxi egin beharko duelako, edo langileak bota egin beharko dituztelako eta, beraz, diru publiko hori ez berreskuratzeko.

Alderdi jeltzaleak nabarmendu nahi izan du, bere garaian, Hernanik, Galarretako Parke Teknologikoko lurrak okupatuta izateko eta lanpostu berriak sortzeko aukera izan zuela eta ez zela operazioa egin, EH Bilduk ez zuelako erraztu nahi izan.

«Oraindik ez dugu jaso milioi horiek zertan inbertitu nahi diren adierazten duten dokumenturik»

Andoni Amonarraiz, EAJ-PNVko Hernaniko Udalaren bozeramaileak  ziurtatu du oraindik ez dutela jaso milioi horiek zertan inbertitu nahi diren adierazten duen dokumenturik, eta ez dietela galdetu ekarpenik egin nahi zuten.

Horri gehitu dio, EH Bilduk prentsaren bidez esan ez duena dela 2020ko aurrekontutik 8,6 milioi euro baino gehiago atera dituela 2015, 2017, 2018, 2019 eta 2020ko proiektuetatik; eta, ondorioz, 2021eko aurrekontura pasatu dituela, aurten gauzatuko dituztela aditzera emanez.

EAJ-PNVn pentsatzen dute diru horren zati haundi bat egungo beharrizanetarako ere erabili ahal izan zitekeela, eta ez dela hori bakarrik gehitu behar gerakinari: «gure ustez, 2021ean 15,7 m euro baino gehiago izango ditugu. 8,6 m euro, 4,5 m  euro eta 2,7 m euro EH Bilduk Galarretan eremu pribatu bat eta bide berria garatzen gastatu nahi ditu, 25 lanpostu zuzen desagerrarazteko benetako arriskuarekin».

Amonarraizek gehitu nahi izan duenez, «Hernanin arazoa ez da dirurik ez egotea. Alde batetik, ez dira baliabideak jartzen sail batzuek behar bezala funtzionatzeko; eta, beste alde batetik, ez da gastatzen gure herriak behar duen moduan. EAJ-PNVk bilerak egiten jarraituko du herritarrekin, kirol-klubekin eta bestelako taldeekin, proposamenak egiteko. Eta, horrela, hernaniarren bizi-kalitatea hobetzeko». 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!