Agustin Iturriagari buruzkoak ezkututik argitara, Juanjo Uriak

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 6a, 00:00

Aintzane Ibarzabalen «idatzi ederraren» haritik, aditzera eman ditu Juanjo Uriak ere, duela lau-bost urte Agustin Iturriagari buruz idatzitakoak. 

Aurreko astearteko Kronikan ar­gitaratu zuen Aintzane Ibarza­bal Esnaolak, Agustin Pascual Itu­rriagari eta bere hilobiari buruzko testua. Eta horren haritik, aditzera eman ditu Juanjo Uria Zubiarrainek ere, hari buruz idatzi zituenak: «Aintzaneren ida­tzi ederra irakurrita ohartu naiz, duela lauzpabost urte Hernaniko jende ospetsu hainbaten inguruan idatzitako testuen artean, Iturriagari buruz ere idatzi nituela zertzelada batzuk eta bertso bat. Niretzako gordeta dauzkat testu horiek guztiak, baina Iturriagaren heriotzaren 170garren urteurrena denez, agian une egokia da ezkututik argi­tara ateratzeko», azaldu du. Horrela diote Uriaren idatziak eta bukaerako bertsoak:

Hernanin jaioa, umetan ikasketak herrian bertan egin zituen, eta gero filosofia eta teologia Oñatiko Unibertsitatean ikasi zituen. Hogeita sei urterekin apaiz egin zen. Batez ere irakaskuntzari emana, gazteei pedagogia irakasten. Hernanin eskola jarri zuen, eta Gipuzkoatik eta Nafarroatik ere etortzen ziren ikasleak. Euskararen presentzia eskasarekin kezkatuta, honela dio bertso batean:

Badirade latinez,
badira erderaz,
ez al ditugu bear
guk ere euskeraz?

Lehen gerrate karlista zela eta (1833-1839), ezkutaturik ibili zen hasieran eta erbestean gero, eta idatzita utzi zuen gehiena denbora honetan egin zuen. Hiru liburu idatzi zituen. Bi lehenengoak irakaskuntzari begira idatziak eta hirugarrena (1842an) Samaniegoren alegietatik (fabulak) itzulitakoak dira nagusiki. Hemen jasotzen da, baita ere, Virgilioren lehen eta hirugarren eglogen itzulpena, San Inazioren martxaren letra eta euskara-erdararen hiztegia.
Gure herriko hilerriko sarrerako kaperan irakurri daitekeen esaldia, «Laister esango da zuengatik, esaten oi dana gugatik: Il ziran», Iturriagarena dela diote ikerlariek.

Azkenik, euskara eskoletan sartu eta gure hizkuntza erabiltzearen defendatzaile amorratua izan zen hernaniar ospetsu hau.

(Doinua: Munduko ilunabarra)

Alegiak, ze zirrara,
itzultzailea bera da,
baina Virgilio're, hara,
ekarri du euskarara.
Irakaslea, pedagogoa
ta apaiz da Iturriaga,
eta eskolan soilik zirenez 
latina eta erdara,
Iturriagak euskarari're
eman nahi zion bultzada
mila zortziehungarren urtean
esaten baitzuen jada:
«ez du bizirik luze iraungo
eskolan sartzen ez bada».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!