«Etxebizitzen alokairuen merkatua arautzeko», mozioak erakundeetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 5a, 00:00

Elkarrekin Podemos-Orain Hernanik aurreratu du, apirileko Plenoan landuko dela Hernaniko Udalean erregistratu duena, gaiaren inguruan.

Euskal erakundeetan hainbat mozio erregistratu ditu Elkarrekin Podemos-IU koalizioak, erakundeetan «etxebizitzen alokairuaren merkatua arautzeko». Eta Hernaniko Udalean, apirileko Plenoan eztabaidatu eta bozkatuko dute hori, Elkarrekin Podemos-Orain Hernani udal taldeak aurreratu duenez.

Mozio horien bitartez, Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta udalei eskatu diete, «lankidetzan eta beren eskumenen barruan, prezioak kontrolatzeko lege eta erregelamendu mekanismoak garatu ditzatela, gehiegizko alokairuak galarazteko eta etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko».

Era berean, deia luzatu diote Espainiako Gobernuari, estatu-le­ge bat onartu dezan, autonomia erkidegoek eta udalerriek garatuko dutena beraien eskumenen arabera, etxebizitzaren «funtzio soziala blindatu» eta etxebizitza duinerako eskubidea «benetan eta eraginkortasunez» betetzen dela bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzari, berriz, eskatu diote abian jar ditzala, «Etxebizitzaren Euskal Legean aitortutako eskubide subjektiboan oinarrituta, beharrezkoak diren lege eta erregelamendu mekanismoak, etxebizitzak alokatzeko merkatuaren erregulazioan aurrera egiteko». Eta horrekin batera, eskatu diote «alokairu sozial eta eskuragarriko etxebizitzen parke publikoa haunditzea, hutsik dauden etxebizitzak lagatzeko dauden legezko mekanismoekin».

Udalentzako eskaera, bestal­de, honakoa da: «Jaurlaritzare­kin elkarlanean, antolatu ditzatela mekanismoak, alokairu kon­tratuetan gehiegizko prezio­ak eragozteko, prezioak kontrolatuz eta errentamendu merkatua arautzeko aukera ematen duten beste tresna batzuk garatuz; hala nola, prezioen jaitsierak sustatzea indarrean dauden kontratuetan zein etorkizunean egin litezkeen kontratuetan, etxe­bizitza hutsen alokairua sus­tatzea, OHZren errekargua sustatzea, eta etxebizitza parke publikoa haunditzea».

«Erakundeek ez dute jarrera pasiborik hartu behar, arazo larri honen aurrean»

Elkarrekin Podemosek eta IUk nabarmendu dute, erakundeek ez dutela «jarrera pasiborik» hartu behar, «etxebizitza eskuratzeko dagoen arazo larriaren aurrean». Diote, alokairuaren prezioaren espekulazioa pairatzen ari direla milaka pertsona Euskadin, 115.000 familia bizi di­rela alokairuan, eta batazbesteko errentak hilean 1.000 euroko mu­ga gainditu duela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!