Jarduerak eta zerbitzu publikoak eskaintzeagatik, tasak berdin

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 2a, 00:00

Plenoan erabaki zen aho batez Udalekuetan, ikastaroetan eta haur eskolako jangelan,  besteak beste prezioak mantentzea. 

Hernaniko Udalak asteartean egin zuen martxoko Plenoa eta ordenantza fiskala aldatzeko proposamena, tasa eta prezio publikoen inguruan, onartu egin zen aho batez. Zerbitzu Publikoak eskaini eta jarduerak egiteagatik 2021-22 ikasturtean tasak mantendu egingo dira eta ez dira igoko Hernani Musika Eskolan eta Kantuz Musika Eskolan, kultura arloko ikastaroetan, Udal euskaltegian eta kiroldegiko zerbitzuetan. 


Haur Eskolako jangelan eta emakumeentzako jabetze ikastaroetan tasak ere berdin mantenduko dira. Emanaldi berezietako sarrerak mantendu egingo dira. Urteroko zikloetan eta zinean igoera txiki bat onartu zen. Isa Sanchez Ogasun zinegotziak 50 zentimoko igoera proposatu zuen, Udal Gobernuaren ordezkari bezala, eta talde denak onartu zuten. «2018tik sarreren prezioak ez dira aldatu». 


Uztaileko udalekuak mantenduko dira orain arte ezagutzen diren prezioan, 99 eurotan eta gizarte laguntza jasotzen duten familietako haurrentzako prezioa 9,90 euro jarraituko du izaten. Gainera, bi udaleku berriren tasak sortuko dira. Orain arte bi elkartek antolatzen zituzten, baina orain Udalaren esku geratzen dira. Udaleku hauek Ereñotzukoak eta uztaileko kirol udalekuak dira. Honela, Ereñotzuko udalekuetan 65 eurokoa da tasa, 6,5 euro gizarte laguntza jasotzen dutenentzako, eta kirol udalekuetan 98 eurokoa izango da tasa eta 9,90 gizarte laguntza jasotzen dutenentzako. 

Ereñotzuko entitateko langilearen profila aldatuko da  
Seigarren puntua ere onartu zen Ahal Duguren abstentzioarekin eta beste taldeen aldeko botoekin. Hemen, Ereñotzuko entitate txikiko 2021eko plantilla organikoaren aldaketa erabaki zen. «Langilearen profila aldatuko da beharretara hobeto egokitzeko Auzo Udalarekin adostuta. Egokiagoa ikusten zen profila aparejadorearena izatea, jendaurrekoa mantenduz», aipatu zuen Xabier Lertxundi alkateak. 


Aho batez ere onartu zen Hernaniko hainbat Udal eraikinetako garbiketa zerbitzuaren lizitazioa hutsik deklaratzea, zigorra ezartzea, eta debekua ezartzeko prozedura abiatzea Limpieza y Mantenimiento Impacto S.L. enpresari. Koro Etxeberria zinegotziaren esanetan «lizitatzaile bakarra aurkeztu zen, kontratazioaren esleipena martxan jarri zen, baina otsailaren 25ean enpresa honek idatzi bat aurkeztu zuen bere eskaintzan akatsak zeudela argudiatuz eta bertan behera geratzen zela eskaintza. Bideragarritasun ekonomikoa ez zuela argudiatu zuten». Beraz, Hernaniko Udalak eraikinen garbiketa zerbitzua kontratatzeko lizitazio berria jarri du martxan talde denak, aho batez onartu eta gero.   
 
Bi mozioa onartu ziren eta beste bat ez
Plenoan ere hiru mozio aurkeztu ziren. Gai zerrendaren bederatzigarren puntuan bi mozio bozkatu ziren. Horietako bat Euskadiko otso taldeak aurkeztutakoa izan zen eta bestea Enba euskal nekazarien batasuna eta Ehne Euskal Herriko nekazarien elkartasunak aurkeztu zuten. Azken hauen mozioa onartu egin zen EAJren lau aldeko botoekin eta Podemosen aurkako bi botoekin. PSE-EE eta EH Bilduko Gobernu taldea abstenitu egin ziren. Otso taldearen mozioan alderantziz gertatu zen EAJren kontrako lau botoek erabaki zuten ez onartzea Podemosen aldeko bi botoekin eta beste hamabi boto abstentziora joanez.


Sindikatuek abeltzaintza estentsiboa arriskuan ikusten dute eta otsoaren populazioaren kontrola eskatu zuten. Otso taldeak berriz otsoak izatearen onura ekologikoa azpimarratu zuten. Talde politikoek orekaren aldeko apustua aipatu zuten, ikuspuntu desberdinetatik.
Aho batez onartu zena hirugarren mozioa izan zen. EH Bilduk aurkeztu zuen Udalen esku dauden oinarrizko lanbide heziketa zentroak indartzeko neurriak hartzeari buruz.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!