«Paziente batzuentzat, dantza egitea izan daiteke tratamendua, eta ez parazetamola»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 31a, 00:00

Udal ordezkariak, Hernaniko osasun zentrokoak eta Goierri-Tolosa osasun publikokoak, Ave Maria parkean, aurkezpenean.

Hernaniko osasun aktiboen mapa osatzeko elkarlanean ari dira Udala eta osasun zerbitzuak, eta partehartze prozesua jarriko dute martxan, herritarrekin batera lantzeko asmoz.

Elkarlanean ari dira, herriko osasun komunitarioa hobetzeko bideen bila, Hernaniko osasun zentroa, Goierri-Tolosako osasun publikoa, eta Hernaniko Udaleko Jarduera Fisikoa eta Kirola saila. Eta asmo horrekin, atzo aurkeztu zuten esku artean daukaten proiektua: Hernaniko osasun aktiboen mapa osatu nahi dute, herritarrekin batera. Helburua da, «Hernani osasuntsu baten alde egitea, ikuspegi komunitario batetik; eta herriko ongizate eta osasun komunitarioa hobetzea». Hala azaldu zuten, aurkezpenean, Esti Aldeiturriaga eta Ainhoa Makatzaga Jarduera Fisikoa eta Kirola saileko zinegotziak eta dinamizatzaileak; Itziar Barbancho, Eulalia Monsalve eta Isabel Bermejo Hernaniko osasun zentroko ordezkariak; eta Nagore Errasti Tolosa-Goierri osasun publikoko teknikariak.

«Herritarrok badakigu zein diren gure beharrak eta lehentasunak, eta garai honetan are gehiago azaleratu dira. Gero eta argiago daukagu zer nahi dugun, eta zerk sortzen digun osasuna, zoriontasuna eta ongizatea. Eta hori identifikatzeko bidean emango ditugu urratsak, prozesu honetan», azaldu zuen Aldeiturriagak: «askotan esan dugu, Hernani oso herri bizia eta aktiboa dela, eragile asko daudela eta ekintza asko antolatzen direla. Eta asmoa da, eragile horiek elkarlanean jartzea, instituzioekin batera, osasunari begira». Horren adibide, aipatu zuen, adibidez, bakardadeari au­rre egiteko modu bat izan daitekeela errugbiko ekintza batera joatea, edo dantza talde batean parte hartzea. «Hori da helburua, ongizatea bilatzea herrian bertan dauzkagun baliabideekin».

Zentzu horretan, Barban­chok, Hernaniko anbulatorioko zuzendariak, nabarmendu zuen indarrak batzea dela helburua, betiere osasunari begira: «aukera ezberdinak gomendatu nahi dizkiegu gure pazienteei, dauzkaten beharrak asetzeko. Batzuetan, pentsatzen dugu tratamendua dela parazetamola hartzea. Baina beharbada, egin behar duguna da aholkatu dantza egitera joatea, edo beste zerbait. Horregatik, nahi dugu jakin zein baliabide dauzkagun eskura, eta horien arabera, parazetamola kendu eta bestelako aukera batzuk izan ditzatela, osasuna hobetzeko».

 

Partehartze prozesuaren aurkezpena, apirilaren 13an

Osasun aktiboen mapa osatzeko, apirilean eta maiatzean egingo dute partehartze prozesua. Apirilaren 13an aurkeztuko dute prozesua bera, ekitaldi ireki batekin, 17:00etan Biterin. Eta hurrengo astean hasiko dira saioak: apirilaren 20an eta 27an, eta maiatzaren 4an eta 11n izango dira. Aurrenekoan, osasunaren inguruko hausnarketa egingo dute. Hurrengo bietan, berriz, baliabideak identifikatuko dituzte, eta mapa batean jarri. Eta behin mapa osatuta, horren berrikusketa egingo dute azkeneko saioan.

Saioetan parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik: hernani.eus webgunean; Biterin izenemate orria beteta; edota kiroldegira deituta, 943 55 21 85 telefonora. Aforoa mugatua izango da, eta dagoen tokia baino jende gehiago apuntatuz gero, zozketa egingo dute. «Segurtasun neurri guztiak beteko ditugu saioetan, eta eskura dauzkagun baliabide guztiak jarriko ditugu. Izan ere, jendearen partehartzea sustatu nahi dugu, baina aldi berean, gune seguru bat izan dadila», azaldu zuten Jarduera Fisikoa eta Kirola saileko ordezkariek.

 

Perfil anitzen bila, adin txikikoak barne

Prozesu partehartzailean, «perfil anitzak» bilatu nahi dituzte, «bizipen eta esperientzia ezberdinak dituztenak, eta adin guztietakoak. Adin txikikoek ere hartuko dute parte, 10 urtetik aurrera. Bakoitzak dauzkan behar eta lehentasunak azaleratu nahi ditugu, eta identifikatu herrian dauzkagun baliabideak, horiei aurre egiteko».

Eta uste dute, «sekulako urra­­tsa» dela eman dutena, instituzioak norabide berean lanean jartzea, osasunari begira: «bai garai honetan, eta baita etorkizunari begira ere».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!