Azken hilabete hauetan, oztopo, muga eta ezintasunekin batera, inoiz baino gehiago bisitatu ditugu herriko eta auzoko txokoak. Hernaniko kanposantua, adibide.
Lizeaga auzoan jaio ginenontzat, hilerri baino gehiago jolasgune eta pasealeku ere izan da gure haurtzaroan kanposantua.
Horrez gain, badu zoritxarreko beste arrazoirik, ezaguna izateko: 36ko gerrako fusilatuen horma. Badago zer gogoratua eta oraindik ere zer argitua, lekuko zuzenak ia erabat desagertu diren garaian. Besteak beste, Aitzol Ariztimuño euskal kultur eragile abertzalearen eta gerran fusilatutako beste zenbaiten gorpuak non diren.
Bestalde, kanposantu sarrerako kaperak badu idatzi harrigarri eta aztoragarri bat, sinadurarik gabea (Laister esango da zueccatic/esaten oi dana gugatic/ ¡ill ciran! Alegia, laster esango da zuengatik guregatik esaten ohi dena: hil ziren), argi eta garbi irakur daitezkeen hitzak, eta ikerlariek diotenez, Agustin Iturriaga idazle hernaniarrari egozten zaizkionak. Bada, kaperaren atzetik zuzen-zuzen joanda, hilobi zahar abandonatu batekin egingo duzue topo.
Argazkian ikusten den bezala, ezin da hilarria irakurri oso gertutik ez bada, eta hori ere ozta-ozta, ez izena eta ez data. Ongi begiratuta, Agustin Pascual Iturriaga ikus edo suma daiteke jartzen duela. Data ere ez da oso ongi ikusten, baina 1851 behar luke. Agustin Iturriaga 1778an jaio zen Hernanin, urtarrilaren 31n; eta 1851n hil, martxoaren 30ean. Gaur da bere heriotzaren 170garren urteurrena, hain justu.
Agustin Iturriaga Hernanin irakasle aritu zen XIX. mendean. Bere testuak ditugu garaiko hizkuntzaren lekuko, eta baita bere lanaren aipamenak ere, «zekiena baino gehiago» irakasten omen zuen. Barruan zeraman irakaskuntzaren grina, eta herrian bertan sortu zuen eskola. Bere obra ezagunenez gain (ipuinak, alegiak, jolasak…), gazte hernaniarrei ez ezik, gipuzkoarrei eta nafarrei ere irakasteko liburuxkak idatzi zituen, berak inprimatuak gainera. Garai hartan eskoletan ikasgaiak euskaraz irakastea proposatu zuen Iturriagak, eta horrek arazoak eta debekuak ere ekarri zizkion.
Jauzi handia egin du irakaskuntzak ordudanik, baina «izan zirelako gara». Horregatik, mereziko luke idazle hernaniarraren hilobia txukuntzea, hilarria zaharberritzea edo, bestela, zaharkituaren xarmari eustea, baina idazlearen informazioa irakurtzeko moduan jartzea. Ez dut uste, gainera, ahalegin handiegia eskatuko lukeenik. Ez darama alferrik Hernaniko Institutuak haren izena.
Garai bateko kultur eragile eta idazleak hil bai, hil ziren, baina bizi izan zirela edo non hilobiratu zituzten ere ez badakigu, alferrik esango dugu gure historiaz, literaturaz eta kulturaz jabetu garela.