«Latsunbe-Berriko auzotarrek eskatu digute, egoiliarrentzako aparkalekuak jartzeko proposamena egitea»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 30a, 00:00

Hernaniko EAJ-PNVk nabarmendu du, dagoeneko ari direla herritarren eskaerak jasotzen, '#denonhernani' egitasmoarekin.

Hilabete honen hasieran jarri du martxan Hernaniko EAJ-PNVk, #denonhernani egitasmoa, alderdiarekin harremanetan jar­­­tze­ko bidea erraztu eta herritarren arazoak konpontzeko. Eta nabarmendu du, dagoeneko ari dela fruitua ematen: «gaur egun, esan ohi da jendeak ez duela interes haundirik udal politikarekin, baina badirudi horrek ez diola eragiten EAJ-PNVri. Herritarren iradokizunak jasotzen jarraitzen dugu, eta horiekin, gure proposamenak lantzen ditugu, herriaren errealitatera egokituz», azaldu du.

Horrela, alderdi jeltzaleak adi­tzera eman duenez, jaso ditu hainbat proposamen, #denonhernani egitasmoari esker; eta dagoeneko helarazi dizkio EH Bilduren Udal Gobernuari: «Latsunbe-Berri auzoko eta inguruko hainbat bizilagunek, eskatu digute proposamena egitea, auzoan egoiliarrentzako aparkalekuak jartzeko. Esan digute, lehenago ere oso zaila zela arratsaldez aparkatzea, 17:00etatik 21:00etara, kiroldegira jende ge­hien joaten den ordu tartea delako; baina igogailua jarri dutenetik ezinezkoa dela», azaldu du Andoni Amonarraizek, jeltzale­en bozeramaileak.

Era berean, nabarmendu du «urteak» daramazkitela Udal Gobernuari eskatzen, «igogailu bat eraiki dezala, Portu eta Elizatxo auzoen eta ikastolaren irisgarritasuna hobetzeko; baina orain arte ez da inolako pausorik eman, horretarako. Edozein kasutan, Atzietako zonaldearen hirigintza garapena hasten denean, aztertu beharko litzateke lan horietan txertatu daitekeen igogailua, ez bada lehenago eraiki».

Kiroldegiko frontoiaren goiko aldean bulegoak jartzeko aurrekontua, prest

Hernaniko EAJ-PNVk aurreratu du, azkenik, dagoeneko jaso duela aurrekontua, «kiroldegiko frontoi estaliaren goiko aldea egokitu eta bulegoak jartzeko. Ez da inoiz erabili zonalde hori, eta Hernaniko kirol taldeek erabili dezakete, bulegoko lana egiteko. Aurrekontu horrek bere barnean hartzen ditu espazioa egokitzea (sartzeko eskailerak egitea, paretak eraikitzea, sabaiak, elektrizitatea, klimatizazioa...), eta baita igogailua ere, mugikortasun murriztua daukaten pertsonen irisgarritasuna ahalbidetzeko».

Alderdi jeltzaleak jakinarazi du, azkenik, aipatutako proposamen horiek eta beste hainbat helaraziko dizkiola Udal Gobernuari: «beraiek erabakiko dute, martxan jarri edo ez. Guk jarraituko dugu, EH Bilduri helarazten, herritarren beharrak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!