Langile ohi bati 133.464 euroko kalte ordaina, amiantoagatik

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 30a, 00:00

Donostiako Epaitegiak Sidenor eta Cofivacasa enpresak zigortu ditu, Esteban P.Z. langile ohiari kopuru hori ordaintzera. Biriketako minbizia dauka, amiantoarekin kontaktuan lan egiteagatik.

Donostiako Epaitegiak hala ebatzita, 133.464,50 euroko kalte ordaina eman beharko diote Cofi­vacasa eta Sidenor Industrial en­presek, Esteban P.Z. langile ohi­ari, amiantoaren inguruko legedia eta arriskuen prebentziorako neurriak ez betetzeagatik.

Biriketako minbizia dauka langile ohiak, eta 1969ko urtarriletik aritu zen lanean, Pedro Orbegozo-Acenorren, mantenimenduko mekanikari gisa. Eta horren itxieraren ondoren, Gasteizko Sidenorren aritu zen, laminazioko eta kalibrazioko makinariako langile bezala, 2008ko azarora arte. 2009ko apirilean, Osalanen zerrendan txertatu zuten, beharbada amiantoarekin kontaktuan lan egin zuten langileen zerrendan, Asviamiek aditzera eman duenez. Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak nabarmendu du, Esteban P.Z.ren lankide ohi batek testifikatu zuela, eta honakoa eman zuela aditzera: «amiantoarekin kontaktua etengabea zen, frenoen zapatak moztu eta manipulatzen zituzten, eta amiantoa presente zegoen labeetan. Bertan sartzen ziren, arrabola konpontzeko».

2019ko uztailean diagnostikatu zioten kartzinoma ezkatatsu infiltratzailea Esteban P.Z.ri, eta 2020ko ekainean, Arabako Gizarte Segurantzak erabateko ezintasun iraunkorra aitortu zion, laneko gaixotasunak eraginda.

«Epaiak beste behin gezurtatu du, enpresek hainbestetan erabilitako argumentazioa»

Donostiako Epaitegiaren erabakiarekin pozik azaldu da Asviamie: «epaiak beste behin gezurtatu du, enpresek hainbestetan erabili duten dokumentazioa; alegia, 60ko, 70eko edo 80ko hamarkadetan, ezezaguna zela amiantoaren arriskua, eta ez zegoela legedirik, prebentzio neu­rriak hartzera behartzen zituenik. Legedi hori ez betetzea da gaixotasuna eragin duena. Horregatik, enpresa haundiei eskatzen diegu, barkamena eskatu dezatela eragindako kalteagatik, eta  konprometitu daitezela babestera Konpentsazio Fondo bat sortzeko beharra, amiantoaren biktimentzat». Eta jakinarazi du, apirilaren erdialdean hastekoa dela Diputatuen Kongresua Konpentsazio Fondo hori sortze­ko saioekin, Eusko Legebiltzarrak aho batez proposatuta: «ezin du­gu aukera galdu, fondoa nahikoa baliabiderekin sortzeko, amiantoaren biktimei eragindako kaltea erre­paratzeko».

Donostiako Epaitegiak eman duen epaiari dagokionez, Asviamiek azaldu du Esteban P.Z.ren eskaeraren zati bat hartu duela aintzat, eta frogatu dela amiantoarekin kontaktuan egin zuela lan, eta beraz, bere gaixotasunaren jatorria profesionala dela. Kalte ordainari dagokionez, berriz, azaldu du mediku perituak adierazi zuela tabakoak %59 areagotzen duela gaixotasun arriskua. Izan ere, erretzailea zen Esteban P.Z. Hori horrela, eskatutako kalte ordainaren zati bat hartu du aintzat epaitegiak, eta 133.464,50 eurokoa ezarri du. Epaiaren «guztiz kontra» azaldu da Sidenor, argudiatuz ez dago­ela frogatuta amiantoarekin lan egin zuenik, eta egunean 25 zi­ga­rro erretzen zituela. Eta Cofivacasak dio, erantzukizuna ez dela berea, ez delako inoiz izan enpresako langile; gaixotasuna tabakotik eratorria dela; eta amiantoaren prebentzio neurriak ezin zirela exijitu garai hartan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!