Mutilen Euskal Ligako taldeak eta jubenil neskek garaipena lortu zuten asteburuko norgehiagokatan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 30a, 00:00

Asteburu arrakastatsua izan da boleibolean. Euskal Ligan, mutilek 1-3 garaitu zuten Sestao; neskek 1-3ko emaitza lortu zuten Donostian. 

Asteburu ona izan da boleibolean. Izan ere, martxan dauden bi taldeek garaipena lortu zuten etxetik kanpo. Euskal Ligako mutilek 1-3 irabazi zuten Sestaon eta jubenil neskek, berriz, 1-3 itxi zuten markagailua, Summa Aldapetako kiroldegian.

Neskena partidu zaila zen, baina hernaniarrek aurrea hartu zuten markagailuan. Larunbat goizean jokatu zen norgehiagoka, eta lehen minututik bi taldeek gogor borrokatu zuten garaipena lortzeko. Horixe bera islatu zen emaitzetan, oso parekatuak izan baitziren. Lehen jokoa 22-25 itxi zen hernaniarren alde; bigarrena, aldiz, 25-19 etxekoentzako; hirugarren jokoa Hernaniko taldeak eskuratu zuen 25-27 emaitzarekin; eta, azkenik, 1-2 aurretik jarri ondoren, donostiarrak indartsu aritu ziren kantxan,  baina azken jokoa 23-25 amaitu zen hernaniarren alde.

Emaitza horrek indarra eta ziurtasuna ematen dio Hernaniri, azkeneko bi partiduak irabazi dituelako.


Garaipena mutilek, Sestaon

Euskal Ligako taldeak atzeratutako partidua jokatu zuen larunbatean, txapelketako azkenekoa. Etxekoek gogor borrokatu zituzten puntu guztiak eta hernaniarrek, aldiz, tentsio falta izan zuten partiduko momentu askotan; hori horrela, akats ugari egin zituzten, bereziki lehen hiru jokoetan. Hala ere, lehen jokoan izan ezik, partidua kontrolpean izatea lortu zuten, eta Sestaokoek ez zuten aukera izan garaipena lortzeko.

Lehenengo jokoan, 25-17koa lortu zuten etxekoek. Bigarren eta hirugarren jokoak, aldiz, parekatuak izan ziren eta emaitzak, bi kasuetan, 23-25 izan ziren, hernaniarren alde.

Azkenik, laugarren jokoan garaipenaren bila atera ziren hernaniarrak eta partiduan kontzentratuta, 15-25 irabazi zuten. Beraz, 1-3ko garaipena lortuta, hernaniarrek hirugarren postua lortu dute, Bera Beraren atzetik puntu batera geldituta. 
Entrenatzaileak azaldu duenez, denboraldi ona egin dute mutilek, «baina orain, bere osotasunean aztertzen denean, uste dugu postu bat gorago egoteko aukera ezin hobea izan duela taldeak; alegia, txapeldunorde geratzeko aukera izan duela»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!