Gurutzealde, Martin, Manterola, eta Jara finalera sailkatu dira

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 30a, 00:00

Xuba Iturbe kadeteak 22-2 irabazi zuen lau t'erdian.

Asteburu honetan jokatuko dituzte lau pelotariek finalak, Gipuzkoako Trinkete Txapelketan.

Asteburu oparoa izan da bailarako pelotarientzat. Manex Martin, Unax Manterola, Jon Jara eta Oier Gurutzealdek Gipuzkoako Trinkete Txapelketaren finalerdiak irabazi dituzte eta datorren asteburuan txapelaren bila irtengo dira trinketera. Gainera txapela bat seguru irabaziko dute, kadete mailan Manterola eta Martin bata bestearen aurka ariko baitira.

Martinek 30-17 gainditu zuen Gaztelekuko Zestau eta Manterolak, berriz, 30-28 irabazi zuen Epleko Lizarazuriren kontra. 
Jubeniletan Jon Jarak partidu ona jokatu zuen eta Behar Zanako Jauregiri 35-17 irabazi zion.  Sailkapen fasean Villabonako pelotariak irabazi zion eta oraingoa errebantxa izan zen, gainera, partidu erabakiorrean.

Seniorretan Oier Gurutzealde astigartarrak Epleko Chiapuso gainditu zuen 40-23.

Frontoian, berriz, Gipuzkoako lau t'erdiko txapelketan, ligaxka bukatzeko partiduetan, nagusien lehenengo mailan, Jokin Santxezek 22-7 irabazi zuen Ezenarroren kontra Tolosan; eta lider amaitu du, ligaxkako partidu guztiak irabazita. Harri Lodik, berriz, 22-21 irabazi zuen, Intzako Artetxeren kontra. Berak ere aurreneko postuan amaitu du lehen fase hau.
Bi pelotari hernaniarrek partidu erabakigarria jokatzen zuten. Xuban Iturbe kadeteak 22-2 irabazi zion Olaizolari (Zumaia).  Partidu ona jokatu zuen eta eskuak minduta zegoela etorri zen aurkaria baino askoz gehiago izan zen. Jon Jara gazteak 22-8 irabazi zion Alonsori (Abantzu). Aurreko egunean trinketeko finalerdia jokatu zuen pelotari hernaniarrak eta, berriz ere, une ona bizi duela erakutsi zuen. Zestoako aurkariari erraz irabazi zion.

Bestalde, Baztango txapelketan Egoitz Elizegi goizuetarra azpi txapeldun gelditu zen kadeteetan, Aurrerako Mateorenarekin batera, finalean Larrau eta Barañaingo Goldarazena eta Antimasberesen aurka 13-18 galdu eta gero.


Salaberriak eta Etxebarrriak 22-7 irabazi zuten

Profesional mailan, Promozioko txapelketan, Iker Salaberriak bolada onarekin jarraitzen du eta Oier Etxebarriarekin batera, 22-7 irabazi zieten Zubizarreta III eta Iriondori. Olaizola eta Rezustak bart gauean jokatu zuten beraien partidua.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!