Izena eman daiteke, Doberak antolatutako ekintzetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 29a, 00:00

'Oporrak familian eta euskaraz' egitasmoa jarri du abian Doberak. Gaur hasiko dute plangintza, eta izena eman daiteke antolatutako ekintzetan. 

Aste Santuko oporrak direla eta, Dobera Euskara Elkarteak Oporrak familian eta euskaraz egitasmoa antolatu du. Helburua da «familian hizkuntzaren transmisioan eragitea». Hori horrela, haurrei zein helduei zuzendutako ekintzak egingo dituzte. Etxeko txikienak eta helduak elkarrekin arituko dira eskulanetan, talde jolasetan edota herri kiroletan, eta zabalik dago izena emateko epea. Interesa dutenek aldez aurretik eman behar dute izena, www.dobera.eus webgunean edo 943 33 27 99 / 662 406 692 telefono zenbakietako batera deituta.

Gaurtik hasita apirilaren 9ra arte, herritarrek ondo pasatzeko aukera izango dute Doberako saioetan. Gaur, goizeko 10:00etatik 11:30etara bitartean,  eskulanen tailerra izango da Atsegindegin. Ekintza guztiak dohainik diren arren, azken honetan parte hartzeko 2 euro ordaindu beharko dira.

Antolatutako hurrengo ekintza etzi izango da, hilaren 31n. Talde kirolak egingo dituzte Ave Marian, goizeko 10:30etan. Bestalde, apirilaren 7an eskulanen tailerra izango da, berriz ere, Ave Marian. Goizeko 10:00etatik 11:30etara bitartean egingo dute, eta 2 euro ordaindu beharko ditu partehartzaile bakoitzak. Azkenik, apirilaren 9an, herri kirolak egingo dituzte Ave Marian, goizeko 10:30etan.

Horrez gain, egungo osasun neurri guztiak errespetatuko dira eta, beraz, segurtasuna bermatuta egongo da ekintza guztietan. 


Bestelako egitasmoak

Aipatutako ekintzez gain, Doberak bestelako egitasmoak ere baditu martxan, eta aukera dago horietan izena emateko. Mintzalaguna egitasmoa, esaterako, bixi-bixi dago; izan ere, Hernanin 55 lagun inguru dabiltza egitasmo honetan. Interesa duten herritarrek abian dauden 10 taldeetako batean parte hartzeko aukera dute, eta euskera praktikatu ahal izango dute gainerako kideekin.

«Partehartzaileek harreman sareak zabaltzeko asmoz irteeratxoak ere egiten ditugu talde guztiak elkartuta, eta laster egingo dugu urteko lehenengoa: apirilaren 18an, Zelaia sagardotegira joan gara oinez, eta bertan, bisita gidatua egiteaz gain, hamaiketakoa egiteko aukera ere izango dugu», aurreratu dute. «Elkarrekin euskara bizi, erabili!».

Azkenik, Doberak jakitera eman du apirilaren 21ean bazkideen batzar nagusia izango dela Biterin, arratsaldeko 19:00etan; eta, nahi izanez gero, online jarraitzeko aukera ere egongo dela adierazi dute. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!