Atzoko norgehiagoka irabazita, Hernani play offeko igoera faserako sailkatu da

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 29a, 00:00

Hernanik Gaztedi garaitzea lortu zuen atzo, ligako azkenaurreko partiduan.

Atzo jokatu zuen talde trikoloreak, Gaztediren aurka, ligako azkenaurreko partidua. Markagailua 33-23 itxi zen hernaniarren alde; emaitza horrekin, bigarren postua lortu du Hernanik.   

Partidu garrantzitsua jokatu zuen atzo Hernanik, Gaztediren aurka, Landaren. Lehia biziko norgehiagoka izan zen, bi taldeek bilatu baitzuten, lehen minututik, garaipena lortzea. Bederatzi punturen aldea zuten trikoloreek sailkapenean, Gaztedirekin. Beraz, nahikoa zuten bi puntu eskuratzea, falta diren partiduetan, edota gasteiztarrek ez lortzea garaipena eta erasoko bonusa, bietan.

Edonola ere, zorteak hernaniarren alde egin zuen atzo. Markagailua 33-23 itxi zen etxekoen alde. Emaitza horrekin, hernaniarrek igoerako play offa jokatzeko txartela lortu zuten.

Aipatu moduan, ligako azkenaurreko partidua izan zen, eta Gaztedik ez zion batere erraza jarri Hernaniri. Izan ere, aurkariek hirugarren postua zuten jokoan, eta play offa jokatzeko aukerak ere bazituzten. Hori horrela, gogor eutsi zioten partiduari eta indartsu aritu ziren zelaian. Momentu zailak izan zituen hernaniarrek, gasteiztarrek aurrea hartu zutelako markagailuan. Hala ere, azken minutuetan maila hobea erakutsi zuten etxekoek eta Gaztedikoak garaitzea lortu zuten. 71garren minutuan erabaki zen norgehiagoka, Beñat Iradik entsegua egin eta Beñat Aricetak barrura sartu zuenean. 
Atzoko garaipenarekin, beraz, Hernanik bost puntu gehiago batu ditu, eta bigarren postua du sailkapenean. Modu horretan, finkatutako helburu nagusia betetzea lortu du: play offerako sailkatzea.

Bestalde, Hernanik itxaron egin beharko du igoerako play offean zein aurkari izango dituen jakiteko. Hain justu, hiru multzoetatik zortzi taldek jokatuko dute play offa; alegia, hiru multzotako bi talde onenek eta bi multzotako hirugarren sailkatuek.


Atsedena, datorren asteburuan
Datorren astean ez du partidurik izango talde trikoloreak, atsedenaldia baitu egutegian, txapelketako azkeneko jardunaldian. Datozen egunetan, entrenatzen jarraitu eta play offerako indarrak jarraitzea izango dute jomuga

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!