Martxan da Euskara Ari Du ekimena, Xabier Ezponda dinamizatzailearekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 28a, 00:00

Ekimenari jarraipena emateko prest, Xabier Ezponda hernaniarrak dinamizatuko du egitasmoa: «gogoz hartu dut proiektua».

Dobera Euskara Elkarteak bultzatuta, martxan da, berriz ere, Euskara Ari Du ekimena Hernanin. Helburua da «euskeraren erabilera bultzatzea». Martxo hasieran hasi zen lantaldea hernaniarren hizkuntza-ohiturak aldatzeko xedea duen egitasmoarekin lanean. Arrakasta  haundia izan zuen Euskaraldiak, entitate ugarik eman baitzuten izena ariketa sozialean.

Oraingo honetan, indarrez ekin diote Doberakoek ekimenaren hurrengo atalari. Gainera, Xabier Ezponda hernaniarra batu da lantaldera, eta bera izango da dinamizatzaile berria. «Gogoz hartu dut proiektua. Asmoa da orain artekoari jarraipena ematea eta haria jarraitzea», azaldu du. «Harremanetan jarriko gara parte hartu duten herriko taldeekin eta eragileekin, eta egoera zein den aztertuko dugu», gehitu du.

Horrez gain, Ezpondaren esanetan, jomuga ez da «inor euskeraz hitz egitera behartzea; alderantziz, hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuz, ahaleginduko gara lehenengo pausoak ematen gogoa duten herritar horiekin. Izan ere, gero, haiek izango dira gainerakoei bultzada emango dietenak».

Bestalde, sorpresaren bat dutela aurreratu dute, baina aurrerago emango dute horren berri:   «hemendik aurrera, Hernaniko hainbat esparrutan izango gara; beraz, adi ibili!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!