2021eko aurrekontua indartuko du Udalak, joan den urteetako gerakinekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 27a, 00:00

Aurreko urteetako gerakinari gehituta, 4.437.714 euro izango ditu Hernaniko Udalak eskura, pandemiarengatik bertan behera geratutako proiektuak aurrera eramateko.

2020an pandemiaren ondorioen eraginez, gobernu taldeak eta udal teknikariek, etengabe berrantolatu behar izan zituzten giza baliabideak eta baliabide materialak, une bakoitzeko lehentasunei egokitzeko.

Ziurgabetasun egoera horretan, abian jartzekoak ziren proiektu asko bertan behera utzi behar izan ziren, lehentasuna oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzea zelako: adineko egoitzako plantilla, garbiketazerbitzua, zerbitzu sozialak eta egoera ekonomiko txarrean geratu ziren kolektiboentzako larrialdi-laguntzak ere.

Udalak azpimarratu nahi izan du, aurreko urteko soberakinei esker aurre egin zitzaiola ezohiko gastu oldeari. Gerakin horri esker, aparteko laguntzetarako partida berriak irekitzeaz gain, zerbitzuak mantendu ziren eta horrekin batera, zerbitzu horiei lotutako lanpostuak (kirol eta kultura eskaintzak) bermatu ahal izan ziren.

Ezohiko testuinguru honetan egon arren, urtero data hauetan egiten den kontu bat dago: aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa. Kalkuluak egin ostean, likidazioa positiboa izan dela ikusi ahal izan da. Zehazki, diru-sarreren eta gastuen arteko balantzeak 1.794.308 euroko emaitza positiboa eman du.

Kontuan hartu behar da, 2020ko aurrekontua egin zenean (2019ko udazkenean), ez zegoela pandemiarik, ezta hau aurreikusten. Hilabete batzuk beranduago, 2020ko martxoan hain zuzen ere, pandemiak gure bizimodua hankaz gora jarri zuen, udal aurrekontu eta aurreikuspenekin batera.

Egoera berri honek berarekin ekarritako ondorioetako bat, Udalak aurreikusita zeuzkanak baino diru sarrera gutxiago jaso zuela izan zen.

 

2020ko diru-sarrerak

Hernaniko Udaletxeak Foru Aldunditik, tasa, zerga eta hirigintzako ezohiko diru-sarreretatik lortzen du dirua. 2020an Foru Aldunditik jasotzen duen dirua, hau da, foru funtsa murriztu egin zen, aurreko urteekin konparatuta.

Hasiera batetik, Foru Aldundiak murrizketa haundiagoaren berri eman zuen baina azkenean, ez zen hainbesterako izan: 1.484.000 euro gutxiago.

Tasa eta zergei dagokionez, diru-sarrera gutxi izan ditu Udalak, 907.731 euro gutxiago, hain zuzen ere. Krisiak jarduera ekonomikoa ahuldu egin du eta nabaria izan da Udalarentzat.

Bestalde, negozio, saltoki eta ostalaritzari ere, pandemiaren ondorioz, tasa eta zergak kobratzeari utzi zien Udalak, itxiak egon behar izan zuten bitartean.

Udalak eskaintzen dituen zerbitzu eta ikastaroei lotuta ere, beherakada nabarmena izan da, konfinamendu garaian itxiak egon behar izan zirelako edo egoerak hala eskatuta, edukiera murriztu delako.

Horrez gain, obra batzuek dirulaguntzak jaso dituztelako eta beste kasu batzuetan, Hernaniko enpresek jarduera berriengatik ordaindu beharreko zergak egon direlako, denera 1.167.436 euro jaso ditu Udalak.

 

Gastu gutxi, beste arloetan

Arlo gehienetan, aparteko dirua jarri behar izan du Udalak, aldiz beste batzuetan, gastuak murriztu egin dira pandemiaren eraginez. Horren adibide dira energia, obren atzerapena eta krisi sozio- -sanitarioaren ondorioak.

Energiari dagokionez, etxeko konfinamendua ezarri zenean, udal eraikinak itxita egon ziren eta horrek gastuen murrizketa ekarri zuen, bereziki energia arloan, 218.245 euro aurreztu dira, gas eta argindarraren fakturetan.

Obrak ere, atzeratu egin behar izan dira. Batetik, epe administratiboen eteteak atzerapena eragin zutelako obra batzuen prozeduretan, eta bestetik, krisialdi garaian sortu ziren behar larriak asetzeak lehentasuna zuelako Udalarentzat.

COVID-19ak eragindako krisi sozio-sanitarioaren ondorioz, ezin izan ziren aurrekontuan sartutako programetako asko gauzatu (jaiak, kultur jarduerak, mantentze-lanak,...). Eragile sozialei dagokionez, diru-laguntzak mantentzearen alde egin zuen Udalak.

 

Udalaren gerakinak

2020ko aurrekontuaren likidazioari, aurreko urteetako gerakinari gehitzen zaio eta horrela, Udalak 2021ean erabiltzeko gerakina 4.437.714 eurokoa izan da.

Hala ere, kopuru hori guztia ez da beti libre geratzen proiektu berrietan inbertitzeko. Izan ere, proiektu jakin batzuei esleitutako partida batzuk daude, adibidez, 1.669.000 euro daude esleituta Galarretako zonaldea urbanizatzeko, beharrezkoa baita parke teknologikoa garatzeko.

Orain, diru-injekzio berri horrekin, atzera geratu ziren proiektuak berreskuratzeko eta murriztu ziren batzuk hobetzeko planari ekingo zaio. Horrez gain, inbertsio berriak egingo dira, hala nola, Portu eta Karabel arteko pasabidean. Bestetik, Floridako bidearen proiektuan lehen urratsak ematea ere, aurreikusten da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!