Play offerako txartela ziurtatzeko partidua trikoloreek, Landaren

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 27a, 00:00

Beñat Arizeta hernaniarra, Pasek Belenosen kontrako partiduan, Landaren.

Gaztediren kontra jokatuko du Hernanik,  bihar 12:00etan; eta eskura daukate igoera lehiatzeko txartela.

Oso bideratuta dauka Hernanik, esku-eskura, igoerako play offa jokatzeko txartela. Baina hori ziurtatzeko, bihar dauka hitzordua, Landaren: Gaztedi hirugarren sailkatuaren kontra jokatuko du, eguerdiko 12:00etan, ligako azkenaurreko partidua.

Une honetan, bederatzi punturen aldea daukate trikoloreek sailkapenean, Gaztediren. Hori horrela, nahikoa dute bi puntu eskuratzea, falta diren partiduetan, edota Gaztedik ez lortzea garaipena eta erasoko bonusa, bietan. Edonola ere, garaipen ba­tekin ziurtatu nahi dute pasea trikoloreek, animoz indartsu iristeko igoerako lehiara. Aurreneko itzulian, Hernani 14-38 nagusitu zitzaion talde arabarrari, Gamarran; eta garaipenaren bila aterako dira bihar ere, Landaren.

 

Beste bi multzoetan ere, ia dena erabakita

Dena ondo bidean, sailkapeneko bigarren postuan bukatuko du liga Hernanik, eta igoera lortzeko lehian ariko da, beste bi multzoetako bi talde onenekin eta Gernikarekin batera. Gernikak bukatuko du trikoloreen multzoan: joan den astean ziurtatu zuen lidertza, Hernaniren kontrakoa irabazi ondoren.

Beste bi multzoei dagokienez ere, ia erabakita daude, aurrera egingo duten taldeak: C multzo­an, dagoeneko sailkatuta daude Almeria eta Pozuelo; eta B multzoan, seguru da La Vila, eta esku-eskura dauka pasea, Hernaniren antzeko egoeran, CAU Va­lenciak ere. Haiekin batera, ariko dira beste bi talde: hirugarren sailkatuen artean, puntu gehien dauzkatenak. Horien artean egon daiteke Gaztedi, trikoloreen biharko kontrarioa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!