Autodefentsa laborala erdigunean, Burutzaldeako Kontseilu Sozialistak

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 25a, 00:00

Langileriaren baliabideetan sakontzeko dinamika bat jarri dute abian eta aurkezpena etzi izango da Biterin, hilaren 27an, goizeko 11:30etan.

Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak dinamika bat jarri du martxan, «langileriaren antolakuntza baliabideetan sakontzeko». Azaldu dutenez, helburua da autodefentsa laborala: «sarraski kapitalistaren aurrean, gure askatasun eta eskubideen defentsa egitea dagokigulako», helarazi du Kontseiluko kide batek.

Hori horrela, sortu berri duten proiektuaren berri emateko, aurkezpena egingo dute etzi Biterin. Goizeko 11:30etan jarri dute hitzordua; bertan azalduko dituzte ikuspuntuak, zehaztapenak, dinamikako helburuak eta gaiarekin lotutako bestelakoak.

Apirilean, informazio gehiago

Aurkezpena etzi izango da, larunbatean. Horrez gain, aurreratu dute datozen asteetan emango dutela informazio gehiago gaiari buruz. Denera, beste bi saio egingo dituzte. Lehena, apirilaren 16an: «ohiko sindikalgintzaren, autodefentsa laboralaren eta etorkizuneko erronkei buruzko hausnarketa saioa izango da», jakinarazi dute. Bigarren saioa, berriz, apirilaren 23an egingo dute. Langileriaren antolaketa formen gaineko hitzaldia izango da. Bestalde, jakitera eman dute saio horien ordutegia eta elkartzeko lekua aurrerago zabalduko dituztela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!