Jolasak eta tailerrak antolatu ditu Doberak, datozen egunetarako

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 25a, 00:00

Eskulanen tailerrak, talde jolasak eta herri kirolak egiteko aukera izango dute haurrek eta helduek. Parte hartzeko aurretik izena eman behar da.

Aste Santuko oporrak direla eta, datozen egunetan egiteko jolasak eta tailerrak antolatu ditu Dobera Euskara Elkarteak. Oporrak familian eta euskaraz izenburupean, hainbat egiteko aukera izango dute herritarrek.   Helburua da «familian hizkuntzaren transmisioan eragitea»,  eta, beraz, ekintzetan parte hartu dezakete haurrek zein helduek. Horrekin batera, beharrezkoa da izena ematen duten adin txikikoak heldu batekin egotea jolasetan edo tailerretan.

Bestalde, egungo segurtasun neurriak bermatuta egongo dira, segurtasun distantziak errespetatuko direlako eta derrigorrezkoa izango delako maskarillaren erabilera.

Denera, lau jarduera

Datorren astelehenetik hasita, guztira lau ekintza antolatu ditu  Doberak. Lehena, eskulanen tailerra izango da, hilaren 29an. Goizeko 10:00etan jarri dute hitzordua, Atsegindegin, eta 11:30ak arte luzatuko da. Hurrengo jarduera martxoaren 31n izango da. Talde jolasak egingo dituzte partaideek eta ekintza 10:30etan hasiko da, Ave Maria parkean. Kasu horretan, euria eginez gero, Atsegindegin izango da. Hirugarren ekintza eskulanen tailerra da, apirilaren 7an. Atsegindegin izango da, 10:00etatik 11:30etara. Eta, azkenik, apirilaren 9an herri kirolak egingo dira Ave Marian, 10:30etan. Horretan ere, eguraldi txarra eginez gero, saioa Atsegindegin izango da.

Ekintza guztiak doakoak dira, eskulanen tailerra izan ezik; kasu horretan, 2 euro ordaindu beharko dira.

Izenematea, aurretik

Aurkeztutako lau jardueretan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea: dobera@dobera.eus helbidera idatzita edo 943 3327 99 / 662 406 692  telefono zenbakietako batera deituta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!