Zabalik, etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntza deialdia

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 24a, 00:00

Maiatzaren 19a izango da eskaerak aurkezteko azkeneko eguna, eta ekainean izango da behin-behineko ebazpena. 2021eko deialdian kontuan hartzeko hainbat aldaketa daude.

Etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntzak bideratuko ditu Hernaniko Udalak, zazpigarren urtez. Guztira, 133.000 euroko partida ezarri du, eta bi modalitate egongo dira: gazteenak (18-36 urte bitartekoena) 76.500 euroko partida du eta helduenak, berriz, (36 urtetatik gorakoena) 56.500 eurokoa. Deialdia 18 urtetik gorako herritarrei dago zuzenduta, eta dagoeneko zabalik dago eskaerak egiteko epea. Interesa dutenek maiatzaren 19a dute horretarako azkeneko eguna.

 

Aldaketak, aurtengo deialdian

Udalak jakitera eman duenez, 2021eko deialdian kontuan izateko hainbat aldaketa daude. Hain justu, diruz lagunduko diren alokairu-gastuen epea 12 hilabetekoa izango da: 2021ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31 arteko alokairu-gastuak lagunduko dira. Horrekin batera, erroldari dagokionez, errolda epea murriztu egin da. Hernanin erroldatuta egotea ezinbestekoa da gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin, etenik gabe, dirulaguntza eskatzeko epea amaitzen den egunetik atzera zenbatzen hasita. Hau da, 2020ko azaroaren 19tik baino lehenago erroldatutakoek eskatu ahalko dute.

Horiez gain, beste aldaketa bat da diruz lagunduko diren gehienezko alokairu errenta 700 eurokoa izango dela. Gainera, bizikidetza unitateko diru-sarreren mugak aldatu egin dira: bakarka, 28.000 euro gordin urtean; kide bat baino gehiago, 39.000 euro gordin urtean; eta, azkenik, autonomoei 222.000 euroko sarrerak dituztela  kontabilizatuko zaie. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak onartuta dituen alokairu laguntzen deialdiek lehentasuna izango dute udal laguntza hauetan: Gaztelagun, DSBEren EPO laguntza, GLL eta Prestazio Subjektiboaren Eskabidea.

 

Maiatzaren 19a, epemuga

Interesa dutenek udaletxeko iragarki taulan eta Udaleko web-orrian ikus ditzakete oinarriak. Edo, bestela, Herritarren Harrera Zerbitzuan (HHZ) ere eskatu daitezke oinarriak, inprimatuta. Eskaera orriak ere Udaleko webgunean edota HHZn eskatu daitezke.

Eskaera egiteko epea maiatzaren 19an amaituko da. Beharrezkoa da eskaera orria egoki betetzea eta eskatutako dokumentazioa atxikita, Udal Erregistroan aurkeztea. Edonola ere, aurreko urteetan eskaera egin duten herritarrek ez dute dokumentazioa berriro aurkeztu beharko, betiere eskatu den hori udaletxean baldin badago.

Eskaera guztiak aztertutakoan, beharrezkoa den kasuetan, dokumentazioa eskatzeko epea zabalduko da; eta eskatzaileari gutun bidez jakinaraziko zaio zein dokumentazio aurkeztu behar duen.

 

Behin-behineko ebazpena, ekainaren amaieran

Dirulaguntzaren behin-behineko ebazpena ekaina amaiera aldera izatea espero da. Eskatzaileei gutun bidez jakinaraziko zaie onuradun izan diren, eta horrela bada, zenbateko dirulaguntza jasoko duten. Kopurua bi zatitan jasoko dute. Lehena, ebazpenaren ondoren egiten da, horretarako dokumentazioa aurkeztu ondoren; bigarrena, berriz, 2022ko urtarrilean.

Kudeaketa Politika Sozialetako Haur, Nerabe eta Gazteria Arloak kudeatzen du. Beraz, informazio zehatzagoa behar izanez gero, hauxe da harremanetarako kontaktua: gazteria@hernani.eus edo 943 57 54 35 (Amaia).  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!