Udaberriko ikastaroetan izena emateko azkeneko eguna, gaur

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 24a, 00:00

Patri Espinar izango da orientazio ikastaroko dinamizatzailea. Argazkia: EITB

Guztira, hiru ikastaro izango dira nerabeentzat eta familientzat, apirilean egiteko. Izenematea online da.

Hernaniko Udaleko Haur eta Gazteria Arloak hainbat ikastaro antolatu ditu, «udaberriko oporrak modu aktiboan gozatzeko». Denera, hiru tailer prestatu dituzte: BTT (mendiko bizikleta) ikastaroa; orientazio ikastaroa; ontziekin argazki kamerak eraiki eta naturan argazkiak egin, eta irudiak errebelatzeko tailerra. Kopurua mugatua da hiru ekintzetan, eta arduradunek jakitera eman dutenez, BTT eta argazkilaritzako tailerretan dagoeneko beteta dago aforoa. Hala ere, oraindik ere aukera dago izena emateko eta, beraz, kopurua gaindituz gero, zozketa egingo da.


Azkeneko plazak, orientazioko ikastaroan

Plaza Emakumeak Kirol Klubaren eskutik, apirilaren 6an eta 7an, goizeko 11:00etatik 13:00etara bitartean, Patri Espinarrek orientazio ikastaroa eskainiko du. 12-30 urte bitarteko herritarrei zuzendutako dinamika da, eta zenbait plaza soberan daude oraindik, interesa dutenentzat.

Bi saioetan elkargunea Biteri izango da. Bertan elkartuta, hasieran azalpen teoriko txiki bat jasoko dute partaideek, eta ondoren, ikasitakoa praktikan jarriko dute herrian barrena. Ikastaro honetan, parte-hartzaileek iparrorratza eta mapa erabiltzen ikasiko dute, eta naturan gozatzeko aukera ere izango dute.


Izenematea online, gaur arte
Aipatu moduan, gaur da izena emateko azkeneko eguna. Izenematea online da, eta  loturak  hauexek dira: BTT eta orientazioa https://labur.eus/xWNb2; ontziekin argazki kamerak egitea https://labur.eus/j2Tp4.

Bestalde, ikastaro guztiek 10 euroko fidantza dute.  Tailerreko lehenengo egunean irakasleari emango zaio dirua,  eta saio guztietan parte hartuz gero, azkeneko saioan dirua bueltatuko zaie.

Gainerako ikastaroei dagokienez, mendiko bizikleta apirilaren 6an, 7an, 8an, 9an eta 10ean izango da, goizeko 10:00etatik 12:30etara bitartean. Kaxkardik eskainiko du, eta 12 eta 17 urte bitarteko nerabeei dago zuzenduta. Mendiko bizikleta bat nola konpondu eta trukuak egiten ikasteko aukera izango dute gazteek. Ikastaroa atletismo pista ondoan egingo da, eta partaide bakoitzak bere bizikleta eraman beharko du. Horrez gain, ontziekin argazki kamerak eraikitzeko tailerra apirilaren 8an eta 9an izango da, 10:00etatik 13:00etara. Familiei dago zuzenduta, eta Nagore Legarreta argazkilariak eskainiko du. Metalezko ontzi batekin kamera bat egiten ikasiko dute; horrekin, naturan aterako dituzte argazkiak eta, ondoren, errebelatu egingo dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!