Udaberriko egitarau berezia antolatu dute, Gaztelekuan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 23a, 00:00

Hernaniko Gaztelekua, lokaleko berrikuntza lanen ostean.

Egiteko ugari izango dute nerabeek datozen egunetan. Ekintzetan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.

Udaberrian sartu berri gara eta Hernaniko Gaztelekuak egitarau berezia antolatu du datozen egunetarako. Hain justu, datorren astelehenetik aurrera,  Gaztelekuan egoteaz gain, nerabeek aukera izango dute hainbat ekintza eta txango egiteko. Denetarik egin ahal izango dute: piraguismoa, Donostiara irteera, mini golfa edota eskulanak.   

Hilaren 29an, datorren astelehenean, street scape room ekintza antolatu dute. Aurrekoren batean egin den moduan, oraingo honetan ere Donostian izango da. Arratsaldeko 16:05etan jarri dute hitzordua, G1 autobuseko geltokian, esne makinaren ondoan. Hurrengo egunean, martxoaren 30ean, argazki foruma ekintza izango da herrian barrena. 16:30etan gelditu dira, Gaztelekuan bertan, eta sari banaketa 19:30etan egingo dute. Ekintza honetarako beharrezkoak dira argazki kamera edo mugikorra.

Bestalde, aipatu moduan, eskulanak eta tailerrak egiteko aukera ere izango dute gazteek. Martxoaren 31n, datorren asteazkenean, tote-bag tailerra egingo dute Gaztelekuan. Hainbat txanda antolatuko dituzte horretarako, izena ematen duten nerabeen arabera. Ekintza 16:30etatik 20:30etara bitartean egingo da eta lehenengo txanda 17:00etan hasiko da.


Piraguismoa, bi egunetan

Aipatutako ekintzez gain, egitarauko ekintza potoloenetarikoa piraguismoa izango da. Bi egunetan egingo dute irteera Donostiara: apirilaren 7an eta 9an. Lehenengo egunean DBH 1 eta 2 mailetako ikasleak izango dira eta bigarrenean, berriz, DBH 3koak eta 4koak. Bi egunetan G2 bus geltokian elkartuko dira, arratsaldeko 15:50etan. Gazteek eraman beharko dute Mugi txartela, toalla bat eta aldatzeko arropa eta merienda, nahi dutenek.

Izena eman behar da

Antolatutako edozein ekintzetan parte hartu nahi dutenek beharrezkoa dute aldez aurretik izena ematea. Horretarako, izenematea Gaztelekuan egin dezakete, edo, bestela, Gaztelekuko WhatsAppera mezu bat bidalita: 688 823 420

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!