Batel Ligari hasiera bikaina, Hernaniko neska infantilek

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 23a, 00:00

Bigarren sailkatu ziren Trintxerpen, eta hirugarren Donostian. Hernaniko beste zazpi batel lehiatu dira asteburuan.

Asteburu honetan hasi dute Gipuzkoako Batel Liga, Hernaniko arraunlariek. Maila guztietako­ak aritu ziren larunbatean, Trin­txerpen; eta bigarren zita bat izan zuten gazteenek igandean, Donostian, Urumea ibaian.­

Eta guztien artean, bereziki hasiera ona eman diote ligari, neska infantilek. 16 batelen artean, bigarren sailkatu ziren larunbatean, eta hirugarren izan ziren igandean. Horrela, hirugarren postuan daude, ligako sailkapen nagusian ere.

Nesken promesa mailan ere, hirugarren postua lortu du Hernani A batelak, bi estropadetan; eta zazpigarren sailkatu da bietan, Hernani B batela.

Eta bi estropadetan lehiatu da, Hernaniko Arraun Elkarteko laugarren batel bat ere: mutil kadeteena. Larunbatean seigarren izan ziren Trintxerpen, eta igandean, bosgarren postura egin zuten aurrera, Donostian.

Senior mailako batelek, berriz, Trintxerpen izan zuten zita bakarra. Neska seniorretan, hi­rugarren sailkatu zen Hernaniko batela, Trintxerpen, lau par­tehartzaileren artean. Mutiletan, berriz, sei batelek hartu zuten parte, eta horietatik bi ziren Hernaniko Arraun Elkartekoak: hirugarren sailkatu zen Hernani A, eta bosgarren izan zen Hernani B.

Beste hitzordu bat ere izan dute arraunlari hernaniarrek, joan den asteburuan. Oriaren Traineru Jaitsiera jokatu zuten Orion, eta Hernanik trainerurik eraman ez zuen arren, bertan izan ziren herriko hainbat arraunlari: Lapurdirekin aritu ziren hainbat neska, eta Donostiarrarekin hartu zuten parte mutilek. Nesketan, azkeneko postuan sailkatu zen Lapurdi, hamar traineruren artean, 4 kilometroko jaitsiera 16:23 denboran osatuta.

Mutiletan, berriz, bi traineru izan zituen Donostiarrak, eta hirugarren eta hamabosgarren sailkatu ziren, 20 traineruren artean: Donostiarra A traineruak 19:20 denboran osatu zuen 6 kilometroko jaitsiera, eta Donostiarra B traineruak, aldiz, 20:47 denbora behar izan zuen proba osatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!