Iñigo Llopis Espainiako txapeldun, 100 metroko bizkar proban

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 23a, 00:00

Enaitz Goñi, berriz,  bihar eta ostiralean lehiatuko da Espainiko Txapelketan, Sabadellen. 1.500 eta 800 metro libreetan ariko da.

Iñigo Llopis hernaniarra, asteburu honetan, 100 metroko bizkar proban. Espainiako Erkidegoen Arteko Txapelketan aritu da Llopis, Castellonen, S8 mailan; eta urrezko domina kolkoratu zuen, proba horretan. Gainera, Paralinpiar Jokoetarako gutxieneko A denbora berretsi zu­en hernaniarrak.
Enaitz Goñik, bere aldetik, egun hauetan hartuko du parte Espainiako Txapelketan. Sabadellen jokatuko da, bihartik igandera bitartean, maila absolutuan eta junior mailan; eta bi probatan ariko da hernaniarra: 1.500 metro libreetan, eta 800 metro libreetan; biak ere, junior mailan. 2004 urtean jaiotakoen artean sailkatu da Goñi, eta 2003 eta 2004 urteetakoekin lehiatuko da bertan. Pandemiaren eraginez, gainera, igerilari gutxiago ariko dira bertan: proba bakoitzerako hamar igerilari bakarrik sailkatu dira, maila bakoitzean.

1.500 metrokoa, bihar goizean
Bihar eta etzi izango du proba bana, Enaitz Goñik. Bihar goizean, 1.500 metrokoan ariko da, 10:25etan hasita. Eta 800 me­trokoa ostiralean izango du, ordu berean. Distantzia luzeko probak dira biak, eta horietan ez da kanporaketarik jokatuko. Hortaz, finala izango du jokoan hernaniarrak, zuzenean.
Espainiako Txapelketak, zuzenean emango dituzte telebistan, Teledeporte katean: bihartik igandera bitartean, goizez zein arratsaldez.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!