Pasa den urtean itxialdiak bete betean harrapatu zuen Hernanin garai honetan antolatzen den antzerki zikloa. Lehenengo saioak antzeztu ziren, baina ez bigarren astekoak. Aurten, udazkenean gertatu bezala, ez du huts egingo zikloak Biterin, COVID-19aren aurrean ere; eta bihartik ostegunera, hiru antzezlan eskainiko dituzte. Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrietara egokitzeko, hori bai, aurreratu egin dute saioen ordutegia, eta ordubete lehenago hasiko dira denak, arratsaldeko 19:00etan.
Udaberrian taularatuko diren hiru antzezlanak; Huts teatroaren Atzerrian lurra garratz, El Mono Habitado konpainiaren ¡Ave osos! eta Tartean Teatroa konpainiaren Ez dok ero antzezlana izango dira.
Biharko eta osteguneko obrak euskeraz dira eta bigarrena gaztelaniaz.
Atzerritar izatearen zama
Antzerki zikloa Atzerrian lurra garratz antzezlanak estreinatuko du bihar 19:00etan, Biterin. Amancay Gaztañaga da zuzendaria, eta aktoreak berriz Ander Lipus eta Paula Penagos. Antzerki honetako protagonista Aurora Mora da, bere instalazioari azken ukituak ematen ari da, bere bizitza betirako aldatuko duen deia jasotzen duenean. «Posible al da gurea ez den lurrean sustraitzea? Posible, aberriaren eta familiaren zama gainean dugula hegaldi propioari ekitea? Eta gau batean, gure bizitzaren norabidea erabaki beharko bagenu?». Galdera guzti horiek modu batera edo bestera erantzungo dira antzezlan honetan.
Bikote baten istorioa kontatzen da ¡Ave osos! obran eta Ez dok ero antzezlanean Mikelote eta Pantxo bikote artistikoaren desagerpena iragartzen da. Ezin hobeto pasatzeko lanak dira hirurak.