Euskal Herriko matxinaden berri emango du Xosé Estévezek datorren ostegunean

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 21a, 09:38

Xosé Estévez 'Las matxinadas en Euskal Herria' liburuarekin.

Hernani Errotzenek antolatuta emango du historialariak hitzaldia gaztelaniaz, Biterin, arratsaldeko 19:00etan. XVI. eta XIX. mendeetan izandako matxinaden inguruan ariko da hizketan Galizian jaio baina Oiartzunen bizi den irakasleak.

Xosé Estévezek hitzaldia emango du Euskal Herrian gertatutako matxinaden inguruan, datorren ostegunean, martxoaren 25ean, Biteri kultur etxean 19:00etan, Hernani Errotzenek antolatuta. Ikastaro gelan izango da eta segurtasun neurriak betetzeko jendea musukoarekin joatea eskatzen da. Edukiera ere mugatua izango da, osatu arte. Hitzaldia gaztelaniaz izango da.

Xosé Estévezek bere liburuan kontatzen duen bezala «testuinguru gero eta urduriago horretan lehertu eta egoera bereziki kritikoetan agertu ziren matxinadak».

Matxinada hitza Matxin edo Martin hitzetik dator. Izen horrekin izendatzen baitziren olagizonak eta burdinolekin lotutako lanak egiten zituzten nekazariak. Ondoren, matxinada, sedizioa, iskanbila, jaikialdi, zalaparta, istilu, kalapita, asaldura edo anabasa haren sinonimoak dira.

Gari-sorta biltzaileena, Bilbon; Gatzaren matxinada, Gipuzkoa eta Bizkaian; Matalazen altxamendua, Zuberoan; Donazaharreko iskanbila, Iturbideren sedizioa, Nafarroan; Zamalbideko kaputxadunak, Oiartzunen; haragiaren matxinada Gipuzkoan; emakumeen azaldurak, Lapurdin; Zamakolada, Bilbo eta Castejonen... Zerrenda amaiezina da. «Inbaditua izan ondoren, herri honen historia erregimenaren aurkako Matxinada hauez josita dago. Xosé irakasleak iragan euskalnafarraren inarrosaldi hau­en zenbaketa zehatza egiten du», diote Hernani Errotzenetik. 

 

Oiartzunen bizi den galiziarra

Xoxé Estevez Galizian jaio zen, baina gaztetik Euskal Herrian bizi da, Oiartzunen. Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko kide da, baita Fundaciones Castelao eta Fundación Alexandre Bóveda elkargoetakoa ere. 1973tik Nazaret Zentroaren eta Deustuko Unibertsitatearen irakaslea; 1992an unibertsitate horretan Galiziar Ikasketen Katedrako sortzailea izan zen, Euskal Herriko galiziar etxe askotan hitzaldiak eskeini izan dituelarik. Bere espezialitatea Espainiako eta Euskal Herriko Historia Modernoa eta Garaikidea da, bereziki Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko nazionalismoak eta haien arteko harremanak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!