Larunbatero, ekintzak klubeko gazteentzat

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 20a, 00:00

Gaurtik ekainera bitartean, talde gazteenek 2 orduko saioak egingo dituzte kiroldegian, larunbat goizetan. 

Hernaniko boleiboleko zenbait taldek ekin diote pixkanaka konpetizioari. Dena den, guztiek ez dute martxa bera hartu, adin txikikoen lehiaketa ez baita hasi. Egungo egoera medio, bertan behera utzi dituzte topaketa guztiak. Hori horrela, Boleibol Sailak adostu du, Udaleko Jarduera Fisikoko eta Kiroleko zuzendaritzarekin batera, gaurtik hasita ekainera bitartean, larunbatero 2 orduko ekintzak egitea. Goizeko 11:00etan hasiko dute entrenamendua, eta 13:00ak arte luzatuko dira saioak.

Kiroldegiko pistan egingo dituzte jolasak, eta hiru zatitan banatuko dute zelaia. Parte hartu ahal izango dute bai klubeko jokalariek, bai boleibola probatzeko interesa duten umeek eta gazteek. Bi kantxa teknifikazio gisa erabiliko dira, eta horietan infantilak eta kadeteak egongo dira; dagoeneko izena eman duten nerabeak, alegia. Hirugarren zatia, berriz, kirol honekin jakin mina duen edonorentzat egongo da zabalik. Hori bai, koronabirusari aurre egiteko neurriak betetze aldera, aldez aurretik izena eman beharko dute: 656 731 929.

Bestalde, sustapen saioak dohainik izango dira. Helburua da datorren denboraldirako taldeak aurreikustea, eta gazteei aukera ematea kirol hau ezagutzeko. Gainera, arduradunek azaldu dutenez, berdintasun arloan «lan haundia» dute klubean, izan ere, «jokalarien %80 emakumezkoak dira eta %20, aldiz, gizonezkoak. Horregatik, deialdi bereziak egingo ditugu, ehunekoak orekatu eta mutil talde gehiago sortzeko». 


Euskal Ligako taldeak azkeneko partidua, bihar zortzi

Mutilen Euskal Ligako taldeak hilaren 28an jokatuko du txapelketako azkeneko norgehiagoka, Sestaon. Bere aldetik, neska jubenilek atzo 3-2 irabazi zuten etxean, Fortunaren aurka. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!