Lider izateko azkeneko aukera Hernanik, Gernikan bihar

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 20a, 00:00

Gernikaren kontra galdu zuen denboraldiko partidu bakarra Hernanik.

Urbietan jokatuko du, eguerdiko 12:00etan, eta irabazi beharra dauka, aurreneko postua eskuratzeko aukera izateko.

Ia ziurtatuta dauka Hernanik, igoerako play offera pasea, ligaxka bukatzeko hiru partidu falta direnean. Baina partidu garrantzitsua dauka bihar, igoerako lehia horri begira: Gernikaren kontra jokatuko du, etxetik kanpo, Urbieta zelaian. Eguerdiko 12:00etan izango da.
Multzoko liderra da Gernika, eta haien kontra jaso zuten trikoloreek, denboraldiko porrot bakarra, Landaren. Une honetan, zazpi punturen aldea dago sailkapenean, bi taldeen artean. Hori horrela, hernaniarrek irabazi beharra daukate bihar, ligaxka lider bukatzeko aukera mantenduko badute. Horixe dute azkeneko aukera.

Edonola ere, oso partidu zaila izango dute trikoloreek, Urbietan. Oso sendo aritu da Gernika, denboraldi hasieratik; eta azkeneko asteotan bereziki, alde haundiarekin irabazi ditu partiduak. Hernaniri, gainera, denboraldi hasieran baino gehiago ari zaio kostatzen, partiduetan garaipena ziurtatzea.

Baina borrokarako prest jo­an­go dira Gernikara, eta bere maila onena emanez gero, badakite partidua irabazteko gai direla. Bihar garaipena lortuko balute, Gernikak beste partidu bat galtzea beharko lukete trikoloreek, igoera fasera aurreneko postuan sailkatzeko.

Gainerako kategorietan, 16 urtez azpikoen taldeak bakarrik jokatuko du asteburu honetan. Lagunartekoa izango du gaur Or­diziako Altamira zelaian, eguer­diko 12:00etan hasita, Ordiziaren kontra. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!