Bi bikote hernaniarrek, finala gaur

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 19a, 10:47

Ataunen jokatuko dute Xuban Iturbe eta Markel Urdangarin kadeteek, 11:00etan hasita; eta Azkoitian ariko dira Xabier Salaberria eta Xabier Ortiz de Urbina nagusiak, 16:30etan.

Jaieguna aprobetxatuz, asteburuko partiduak aurreratzeko aprobetxatu dute esku pelotan; eta partidu garrantzitsuak jokatuko dituzte gaur, gainera. Izan ere, finala izango dute, Hernaniko bi bikotek.

Kadeteen hirugarren mailan, Ataunen jokatuko dute Xuban Iturbek eta Markel Urdangarinek. Goizeko 11:00etan hasiko dute partidua, eta aurrean izango dituzte Artola eta Ramirez ataundarrak. Lehia parekatua espero da, txapelketako partidu guztiak irabazi baitituzte bi bikoteek.

Nagusien hirugarren mailan, berriz, Xabier Salaberriak eta Xabier Ortiz de Urbinak daukate hitzordua. Azkoitian jokatuko dute finala, 16:30etan hasita, Otaño eta Zinkunegi tolosarren kontra. Hernaniarrak dira faborito, jokatutako partidu guztiak irabazi baitituzte orain arte; baina ez dute lasaitzerik izango. Finalerdietan larri ibili ziren, eta ez dute errepikatzerik nahi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!