Bilkide egiteko deia EH Bilduk, Hernaniko herritarrei

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 19a, 00:00

10 urteko ibilbide oparoa egin du EH Bilduk, eta etorkizuneko norabidea erabakitzen ari denez, herritarren parte hartzea eskatu du. 

EH Bildu, «ezkerreko eta subiranismoaren aldeko indarrak batzen dituen mugimendu politikoak» ibilbide oparoa egin du azken hamar urteetan. Eta diote, sentsibilitate anitzeko jendea batu dela proiektura urte hauetan, eta etorkizuneko proiektu politikoa errotzeko eta jende gehiagorengana heltzeko asmoa du EH Bilduk. 

Norabide hori erabakitzeko, II Kongresuan murgilduta dago koalizioa, eta urtarriletik hasita maiatzera bitartean, urteotako ibilbidearen balantzea egin eta ponentzia politikoak eta organizatiboak aurkezten ari zaizkie militanteei, «telematikoki nagusiki», segurtasuna bermatze aldera. 
EH Bilduk gainera, herritarren parte hartzea bultzatu nahi du, «EH Bilduren etorkizuna markatuko duten ponentzietan parte hartzea bultzatu nahi dugu. Horretarako, proiektu politiko honen inguruan batzen diren herritarrek iritzia eman eta erabakitzeko gaitasuna izatea funtsezkoa iruditzen zaigu». 
Hala, aurrerapauso bat ematea eskatu nahi die EH Bilduk herritarrei, militante edo boto emaile izatetik, bilkide izatera pasatzera gonbidatzen ditu: «horrela EH Bildu sendoagoa izango baita» diote. 

Hernanin bereziki, «indar haundia du proiektu honek eta horregatik, Hernanitik Euskal Herriko etorkizuna erabakitzeko benetako eraginkortasuna izateko kolektibo antolatua eta inplikatua izatea ezinbestekoa da» gaineratu dute.

Bilgunea irekita, ostiraletan
EH Bilduk, bilgunea zabalik dagoela helarazi nahi die herritarrei, «galderak egiteko edo zalantzak argitzeko Hernaniko Bilgunea irekita egongo da martxoko ostiraletan». Goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:00etara bitartean, eta arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara. Salbuespen bakarra gaur izango da, jai eguna delako. 

Bilgunean, bilkide egiten laguntzeaz gain, Kongresuan eztabaidatzen ari diren txostenak, «EH Bilduren norabide politikoa ezarriko dutenak» eskuratu ahal izango dira paperean. Ponentzia horiei, zuzenketak egiteko aukera dagoela gogorarazi nahi du EH Bilduk. Horretarako, epea  martxoaren 31n amaitzen da; «Hernaniko EH Bilduren bilgunean azalduko dizkiete interesa dutenei nola aurkeztu zuzenketak. Eta horrez gain, nabarmendu nahi dugu, zuzenketak egiteko, bilkide egin behar dela».   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!