'Atzerrian lurra garratz'ekin hasiko da asteartean Hernaniko antzerki zikloa

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 18a, 00:00

'Atzerrian lurra garratz' antzezlana asteartean eskainiko da.

Hiru antzezlan eskainiko dira Biterin datorren astearte, asteazken eta ostegunean 19:00etan. '¡Ave osos!' antzeztuko da asteazkenean gazteleraz eta 'Ez dok ero'k itxiko du zikloa ostegunean, martxoaren 25ean.

Hiru eguneko antzerki zikloa antolatu da datorren astean Hernaniko Biteri kultur etxean. Hilaren 23an hasi eta 25ean amaituko da hain justu hiru antzezlan desberdinekin; bi euskeraz eta bat gazteleraz.

Asteartean, martxoaren 23an, Huts teatroaren Atzerrian lurra garratz eskainiko da arratsaldeko 19:00etan hasita. Zuzendaria Amancay Gaztañaga da, eta aktoreak berriz Ander Lipus eta Paula Penagos. Antzerki honetako protagonista Aurora Mora da, bere instalazioari azken ukituak ematen ari da, bere bizitza betirako aldatuko duen deia jasotzen duenean. «Posible al da gurea ez den lurrean sustraitzea? Posible, aberriaren eta familiaren zama gainean dugula hegaldi propioari ekitea?  Eta gau batean, gure bizitzaren norabidea erabaki beharko bagenu?». Galdera guzti horiek modu batera edo bestera erantzungo dira antzezlan honetan.

Antzerki zikloko bigarren emanaldia, ¡Ave osos! antzezlana izango da, asteazkenean, martxoaren 24an, El Mono Habitado konpainiarena. Arratsaldeko 19:00etan emango zaio hasiera, eta gaztelaniaz eskainiko da. Ronaldo San Marín da zuzendaria eta honakoak dira aktoreak: Begoña Martín, Raùl Camino, Aitor Pèrez eta Javier Liñera. Bikote baten istorioa kontatzen da antzezlan honetan, pareten kolorea erabaki ezinean dabiltza, eta uso bat sartuko zaie sukaldean mezu batekin. Gizarte eredu berrien eta familiaz eta maitasunaz gozatzeko molde berrien inguruan eztabaidatuko dute protagonistek.

Ana Goya Arrospide da 'Ez dok ero' ikusteko sarrera bikoitzaren zozketan irabazlea

Antzerki zikloarekin amaitzeko, Ez dok ero antzezlana eskainiko  du Tartean Teatroa konpainiak martxoaren 25ean, ostegunean. Jokin Oregik zuzendutako antzezlan hau arratsaldeko 19:00etan hasiko da, eta Patxo Telleria eta Mikel Martínez dira parte hartuko duten aktoreak.

Mikelote eta Pantxo bikote artistikoaren desagerpena iragartzen da antzerki honetan. Izan ere, haien formula komikoa agortuta zegoen eta belaunaldi berriek haien lekua okupatu dute. «Pantxok ondo hartu du behartutako erretiroa. Eszenatokietatik urruntzeko gogoa zuen aspalditik. Mikelotek ordea, ez du bukaera hori onartu nahi».

Ez dok ero antzezlana ikusteko sarrera bikoitza zozketatu du Kronikak, kronikalarien artean, eta Ana Goya Arrospide hernaniarrak irabazi ditu Ez dok ero antzezlanerako bi sarrerak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!