Legorburuk sari berri bat lortu du maitasun gutunetan, Bergaran antolatu den lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 16a, 00:00

66 gutun aurkeztu dira eta 'Fronton Madrid' lanarekin bigarren saria eskuratu du. Raketisten arteko maitasun istorioa kontatzen da bertan.

San Balentin egunaren bueltan urtero Bergarako Jardun Euskara Elkarteak antolatzen duen gutun lehiaketan, Iñigo Legorburuk bigarren saria eskuratu du Fronton Madrid lanarekin. Guztira, 66 gutun aurkeztu dira aurten lehiaketara eta raketisten arteko maitasun istorio batekin lortu du epaimahaiaren aitortza egileak. Lehiaketa beteranoa eta ezaguna da eta aurtengoak 29garren edizioa bete du.

Gutuna, 50garren hamarkada hasieran kokatu du Legorburuk, eta baserriko bi alaben maitasun istorioa azaltzen du, Madrilen raketista bihurtu eta afizioa ofizio bihurtuko dutenak. Bere hitzetan «gutun errealista egiten saiatu naiz, sinesgarria. Bertan, bikoteko nesketako batek raketaren mundua utzi eta herrira bueltatzeko nahia erakusten du, bertan familia bat osatzeko asmoz». 

Gutunean zehar, euren maitasun 'klandestinoaz' mintzo dira protagonistak baina Legorburuk, ñabardura bat gehitu nahi izan die euren hitzei: «Pelota eta raketaren munduko erreferentziak sartu ditut behin eta berriz, espresioak, hitz egiteko moduak… euren munduarekin bat egin dezaten. Gainera, Euskal Herriko gizonezkoen mundua ere kritikatzen dut modu sotil batean, raketistekin hipokrisia haundia egon zelako gure baserrietan. Gutxik aitortzen zuten euren alaba raketista zela eta haiek bidalitako diruari esker bizi zirela».

 

Irabazlea Maialen Akizu bertsolari urretxuarra izan da

Irabazlea, Maialen Akizu bertsolari urretxuarra izan da eta sariaren 500 euroak eskuratu ditu. Legorburuk, Galder Guenaga algortarrarekin 250 euroko saria elkarbanatu behar izan du, harekin bigarren postuan berdindu ostean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!