Garaipen garrantzitsua lortu zuten Tolaretxipik eta Barrenetxeak

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 16a, 00:00

30-16 irabazi zieten Intxurreko Uzkuduni eta Muruari, eta bigarren postua lortzeko aukera daukate oraindik.

Jubenil mailako hiru partidu jokatu zituzten larunbat arratsaldean, Hernaniko kiroldegiko frontoian. Eta hernaniarrek hiru partiduetatik bakarra irabazi zuten arren, garaipen garrantzitsua izan zen, lortu zuten hori: 30-16 nagusitu ziren Joana Tolaretxipi eta Alaitz Barrenetxea, Intxurreko Ainhoa Uzkudunen eta Nagore Muruaren kontrako partiduan. Eta emaitza horrekin, aukera daukate hernaniarrek oraindik, ligaxka bigarren bukatzeko. Izan ere, ligaxkako jardunaldi guztiak jokatuta dauden arren, partidu bat falta dute Tolaretxipik eta Barrenetxeak, Intxurre 2 taldearen kontra jokatu behar dutena. Eta hori irabazita, aurrea hartuko liekete Uzkuduni eta Muruari, sailkapenean: puntu bakarrera dauzkate orain. Aurreneko postuan, Ane Kerejeta eta Enara Macicior izango dira, ziur, partidu guztiak irabazita: aurreko astean ziurtatu zuten finalerako pasea, haiek.

Larunbateko beste bi partiduetan, porrota jaso zuten hernaniarrek: 26-30 galdu zuten Maddi Iriondok eta Irati Minerrek, Zumaiako Oihane Etxaideren eta Alaia Azkueren kontra; eta 9-30 galdu zuten Mara Martinezek eta Ane Arrutik, Intxurreko Anne Agirreren eta Ane Ugartemendiaren kontra.

Horrela, bosgarren postuan bukatu dute ligaxka Iriondok eta Minerrek, lau partidu irabazi eta beste lau galduta. Eta sailkapeneko azkeneko postuan geratu dira Martinez eta Arruti, partidurik irabazi ezinda.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!