Garaipena lortu zuten Euskal Ligako mutilek, Laredoren kontra

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 16a, 00:00

Euskal Ligako mutilak, asteburuan, Laredoren aurkako norgehiagokan.

3-0ekoarekin itxi zen markagailua Euskal Ligan. Jubenil neskek, aldiz, Kostkasen aurka galdu egin zuten.

Boleibolak pixkanaka ekin dio txapelketari, berriz ere. Hernaniko talde guztiak oraindik hasi ez badira ere, pasa den asteburuan bi norgehiagoka izan ziren. Nesken Euskal Ligak Kostkas izan zuen aurkari, Donostiako Mons kiroldegian. Mutilak, berriz, Laredoren aurka lehiatu ziren.

Zorteak ez zuen nesken alde egin, 3-0 galdu baitzuten etxetik kanpo. Eligio Rodriguezen taldeak tinko heldu zion norgehiagokari, baina «esperientzia faltagatik» egin zuten kale. Izan ere, kategoria horretan adin askotariko jokalariak aritzen dira jokoan eta Hernanikoen kasuan, neska guztiak, bat salbu, lehenengo urteko jokalariak dira. Partiduko partzialak 25-16, 25-18 eta 25-19 izan ziren, baina zailtasunak-zailtasun, hurrengo partiduan emaitza hobeak  izango dituztela ziurtatu dute. «Aurtengo esperientziak onura ekarriko dio taldeari, dudarik ez».

Mutilak jaun eta jabe, etxean

Eusebio Lizarazuren taldea sendo ari da kantxan, egindako lanak fruitua eman baitu azkeneko partidu honetan ere. Hernaniarrek 3-0 irabazi zuten etxean, Laredoren aurkako norgehiagoka. Partidu orekatua izan zen, baina oraingo honetan, akatsak ere izan ziren tartean. Hori horrela, garaipena lortu bazuten ere, partzialak oso parekatuak izan ziren: 25-12, 25-23 eta 25-23. Etxekoak aurretik joan ziren une oro, baina aurreko topaketekin alderatuta, nahiko larri ibili ziren.

Bestalde, boleiboleko taldeek entrenatzeko arazoak dituztela salatu dute. Mutilezkoen talde nagusiak, esaterako, soilik astelehenetan eta asteazkenean du entrenatzeko aukera, «kirol zuzendaritzatik banatu den ordutegiagatik». Adierazi dute ez dela bidezkoa: «Aurtengoa amaitzear dago, baina horrela ezin dugu jarraitu». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!