Berdinketak nagusi asteburuan, bailarako partiduetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 16a, 00:00

Mundarroko jokalaria baloiarekin, Santo Tomas Lizeoren kontrako partiduan.

Mundarrok 7 partidutatik 4 berdindu zituen, garaipen bakarra lortuta. Hernaniarrek, berriz, ez zuten norgehiagokarik irabazi.

Pasa den asteburuan futbola itzuli zen Zarkumendegira. Mundarroko taldeek lehiaketari ekin zioten, berriro ere, eta makina bat norgehiagoka izan ziren Astigarragan. Horrez gain, oraindik zelaira itzuli ez ziren Hernaniko taldeak ere txapelketara bueltatu ziren. Hori horrela, partiduz jositako asteburua izan zen aurrekoa.

Emaitzei dagokienez, Mundarroko taldeetan berdinketak izan ziren nagusi, jokatutako zazpi norgehiagokatan lau berdinketa izan baitziren. Hala ere, garaipeneko hiru puntuak lortu  zituen talderen bat ere izan zen; Gizonezkoen Gorengoen Mailak 1-0 irabazi zuen etxean, Lizeoren aurka. Koldoren golak erabaki zuen partidua, lehenengo zatiko 35garren minutuan. Bestalde,  Kadeteen Ohorezko mailak 3-0ekoa lortu zuen, astigartarren alde, Lehengokoaken kontra. Gainerako taldeek ez zuten zorte bera izan, eta estreinaldiko partiduak galdu edo berdindu egin zituzten. Jubenilen Lehenengo Mailako mutilek 3-2ko markagailuarekin itxi zuten partidua, Lizeoren alde.

Asteburu gazi-gozoa, hernaniarrentzat

Emakumezkoek Euskal Ligak 2-1 galdu zuen Lakuan, Ainhoa Lizaso usurbildarraren golarekin. Emakumezkoen Ohorezko Erregional taldeak Beti Gazterekin  neurtu zituen indarrak, eta 0-1 galdu zuen etxean. Gizonezkoen txapelketetan, Jubenilen Liga Nazionalak ez zuen lortu garaipena liderraren aurka, 1-4 itxi baitzen markagailua Zubipen, Realaren aurkako norgehiagokan. Hala ere, denak ez ziren porrotak izan. Gizonezkoen Erregional Ohorezko Mailak 0-0 berdindu zuen Touringen kontra eta Gorengoen Mailak ere 1-1eko berdinketa izan zuen asteburuko derbian,  Urnietan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!